KLIMA LARRIALDIA

Klima hondamendirik ez izateko, berotegi gasen isuriek 2025erako jo beharko dute goia

IPCCk klima larrialdia arintzeko neurrietan jarri du arreta kaleratu duen azken txostenean, eta nabarmendu du isurketak erdira murriztu daitezkeela 2030erako.

Tulako (Mexiko) zentral termoelektrikoa, iazko apirilean. CARLOS RAMíREZ / EFE
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 4a
17:44
Entzun

«Orain edo inoiz ez». IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak gaur kaleratu du azkeneko txostena, klima larrialdia arintzeari buruzkoa, eta ohartarazpen garbia egin die gobernuei: klima hondamendiaren ondorio lazgarrienak saihesteko, ezin da gehiago itxaron erabakiak hartzeko eta gauzatzeko, eta modu horretan gizarteak zein ekonomiak deskarbonizaziora bidean jartzeko. Data jakin batzuk ere zehaztu ditu NBE Nazio Batuen Erakundearen taldearen dokumentuak. Berotegi gasen isurketek 2025erako jo beharko dute goia, eta ondorengo bi hamarkadetan nabarmen egin beharko dute behera. Horrela soilik mugatu ahal izango da berotze globala, eta, era horretan, Parisko Hitzarmenaren helburu behinenetako batera hurbildu: mendearen amaieran planetaren tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta. Neurri egokiak hartzen ez badira, ordea, berotze globala 3,2 gradukoa izango da 2100 urterako.

Erregai fosilen isurketen murrizketari erreparatuta, portzentaje batzuk proposatu ditu txostenak: 2019ko datuekin konparatuta, mendearen erdirako %95 murriztea ikatz kontsumoa, %60 petrolioarena, eta % 45 gasarena. Hau da, isuriak, orotara, %43 murriztea 2019ko datuekin alderatuta. Txostenak dioenez, berotze globala sortzen duten karbono dioxidoaren eta beste gas batzuen isuriak %87 murriztu daitezke industria eta energia sektorean doikuntzak eginez; gainontzeko %13arentzako, aldaketak egin behar dira nekazaritza eta abeltzaintza sektoreetan.

IPCCren iritziz, balizko aldaketek ez liokete 2050erako aurreikusitako mundu mailako BPG barne produktu gordinari askorik eragingo. Areago, adituen taldeari iruditzen zaio industria sektoreko isurien arintzeak «enpleguan eta aukera komertzialetan» handitze bat ekar dezakeela. «Bizitzeko egokia den etorkizun bat berma dezakete orain hartzen ditugun erabakiek. Berotzea mugatzeko tresnak eta beharrezko ezagutza ditugu», nabarmendu du IPCCko presidente Hoesung Leek.

Azkeneko zortzi hilabeteotan taldeak plazaratutako hirugarren txostena izan da gaur emandakoa. Iazko abuztukoan eta aurtengo otsailekoan klima aldaketa gertatzeko arrazoiak eta klima larrialdiaren ondorioak ikertu zituzten. 65 herrialdetako 278 zientzialariren artean osatu dute azkeneko txostena, eta beste 354 adituk ere parte hartu dute.

Txostenean azpimarratu dute deskarbonizazioa lortzea —hau da, atmosferara karbono dioxidorik ez isurtzea— zaila izan arren «posible» dela, baldin eta ekoizpen prozesuak energia berriztagarrietan oinarritzen badira eta beste neurri batzuk hartzen badira. «Politika egokiak aurrera eramateak, eta gure jarrera zein bizi estiloa aldatzea ahalbidetuko duten azpiegitura eta teknologia egokiak edukitzeak, berotegi efektuko gasen isurtzeen %40 eta %70 arteko murrizketa bat eragin dezake 2050erako».

Hirien rola

Hiriek ezinbesteko rola jokatuko dute, aditu taldearen ustez, isuriak gutxitzeko orduan. Txostenean planteatu dute «hiri trinkoagoak» sortzea, horietako garraio publikoak argindarraren bidez funtzionatzea, eta gune berdeek eduki dezatela isuriak xurgatzeko gaitasuna. Garraioarekin lotuta, datu bat plazaratu dute: berotze globala apaltzeko, ibilgailuen isuriak %59 murriztu behar dira egungo datuekin alderatuta.

Hori guztia bideratu ahal izateko, IPCCri iruditzen zaio garraio publikoan inbertitu behar dela, eta horren erabilera bultzatzeko erabakiak hartu behar direla; esate baterako, prezioak jaitsi. Adituen taldeak gomendatzen du, gainera, telelana, digitalizazioa eta mugikortasun adimentsua hauspotzea.

Era berean, azpimarratu du dieta osasungarriek, elikagaiak alferrik galtzen ez uzteak, eta plastikoaren ordez biomaterialak erabiltzeak berotegi efektuko gasen isuriak %3 murriztu ditzakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.