Obra publikoak

Enpresek %20rainoko gainkostua eskatu ahal izango dute obra publikoetan

Jaurlaritzak kontratuak berrikusteko aukera zabaldu du. Materialen garestitzea justifikatu egin beharko dute.

Donostiako metroaren obrak, artxiboko iudi batean. JON URBE (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 5a
16:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzarentzat eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundientzat eta udalentzat obrak egiten dituzten enpresek %20rainoko igoera planteatu ahal izango dute lehengaien kostuetan izandako igoeragatik. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, horien garestitzeak ezbaian jarri ditu obra batzuk, eta arrisku hori saihesteko hartu du erabakia Jaurlaritzak.

Oinarrian, Jaurlaritzak bere egin du Espainiako Gobernuak obra kontratu publikoetan prezioak berrikusteko aukera ematen duen araudi berria —3/2022 Errege Lege Dekretua—. Jaurlaritzaren orain arteko araudian bazegoen aukera hori, baina soilik egin zitekeen kontratuetan hala jasota bazegoen; orain, ez da beharrezkoa. Hala, kontratua berrikusteko aukera izango dute lanen %20 gauzatu ez duten enpresek, eta kontratua formalizatu zutenetik indarrean egongo den denbora guztian.

Zupiriak azaldu duenez, prezioen berrikuspena egingo da materialen kostuaren igoerak «eragin zuzena eta garrantzitsua» izan duenean. Inpaktu hori dagoela joko da materialen kostuaren igoera kontratuaren zenbateko ziurtatuaren %5 baino handiagoa denean, urte batean eta bi urtean. Zupiriak adibide gisa jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak. Horiek %9 garestitu dira, lan horiek egiteko behar den altzairua %20 garestitu delako.

Iazko udan hasi ziren horniduren prezioen igoera nabaritzen eraikuntza alorreko enpresak, eta Ukrainako gerrak areagotu egin du joera hori. Ascobi eraikuntzako sektoreko Bizkaiko patronalak duela aste batzuk kaleratutako ohar batean zioen obretarako material batzuen prezioek —kobrearena eta aluminioarena, adibidez— %50 eta %60 artean egin dutela gora eta eraikuntza lanak batez beste %20 garestitu direla.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Plataformaren arabera, gaur egun 615 obra publiko daude martxan, hiru lurraldeetako administrazioek eskatuta. Horietatik 56 Visesa elkarte publikoak enkargatutako etxebizitzak dira. Azken hiru hilabeteetan 50 bat lehiaketa adjudikatu gabe geratu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 17 milioi euroren kostua zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.