Europako Batasuna

Zuzenbide estatua errespetatu ezean Hungariarentzako funtsak blokeatzeko prozedura hasi du Bruselak

Talde komunitarioak aurrenekoz aktibatu du mekanismoa. Hilabeteak igaro daitezke EBk auziari buruzko azken erabaki bat hartu arte. Jokoan daude 2021-2027 eperako aurrekontuaren milaka milioi euro.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, gaur, Estrasburgon. EFE
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 5a
16:55
Entzun

Iragarpen bat egin du gaur Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak: Hungariari jakinarazi diote zuzenbide estatua errespetatu ezean ezingo duela talde komunitarioaren aurrekontutik dirurik jaso. Hortaz, Bruselak aurrenekoz aktibatu du 2020ko udazkenean Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak adostutako prozedura. Horren arabera, funtsak jaso ahal izateko baldintza bat bete behar dute EB Europako Batasuneko estatu kideek: «blokearen balioak eta printzipioak» betetzea.

Europako Parlamentuaren saio batean egin du iragarpena Von der Leyenek. Hungariako Gobernuari eskutitz bat bidali diote jakinarazteko prozedura aktibatu dutela. «Prozedurak bere egutegi propioa dauka». Nolanahi ere, hilabeteak igaro daitezke Bruselak estatu kideei kasua aurkeztu eta erabaki formal bat hartu arte. Europako Batzordeko presidenteak esplikatu du Hungariako Gobernuak emandako azalpenen ondoren pentsatu dutela «hurrengo pausoa» ematea. Bruselaren eta Hungariaren arteko harremanak aspalditik daude gaiztotuta. Viktor Orban 2010az geroztik lehen ministro dena — joan den igandean egindako hauteskundeetan gehiengoa berretsi zuen atzera— ez da batere europazalea, eta EBko liderren artean Vladimir Putinekin ondoen konpontzen dena da. Bozetan garaipena lortu ondoren, EBko instituzioak «aurkariak» direla esan zuen Orbanek.

Aintzat hartu behar da Hungaria, baita Polonia ere, prozeduraren aurka agertu zirela, onarpena blokeatzeko ahalegina egin zutela, eta azkenean auzitara eraman zutela beren kexa. Baina EBko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen, joan den otsailaren 16an, mekanismoa egokia zela. Hungariak salatu zuen auzitegiaren ebazpenak «botere abusua» islatzen zuela.

Berez, iazko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean prozedura, baina orain arte ez dute aktibatu. Martxan jarriko dute zuzenbide estatuari eragiten dioten urraketak detektatutakoan: botere banaketari eragiten diotenak, independentzia judizialari... Jokoan daude 2021-2027 eperako aurrekontuaren milaka milioi euro. Klima aldaketari, digitalizazioari eta osasun sektoreari lotuta, 22.500 milioi inguru eskuratzeko moduan da Hungaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.