Euskal Herriko itzulia

Alaphilippek irabazi du bigarren etapa, esprintean, Vianan

Ibon Ruizek, Julen Amezketak, Ibai Azurmendik eta Ander Okamikak ia etapa osoa eman dute ihes eginda, eta helmugatik gertu harrapatu dituzte; Ruiz, 400 metrora. Etapa lasaia izan da faboritoentzat.

ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 5a
17:52
Entzun

Julian Alaphilippek (Quick Step) irabazi du Itzuliko bigarren etapa, Leitza eta Viana artean jokatutakoa. Esprintean irabazi du frantziarrak, eta gaur lortutakoarekin laugarrenez jaso ditu besoak Euskal Herriko itzulian. Baina eguneko protagonistak lau euskal txirrindulari izan dira: Ibon Ruiz (Kern Pharma), Julen Amezketa (Caja Rural), Ibai Azurmendi (Euskaltel) eta Ander Okamika (Burgos BH). Ia lasterketa guztia eman dute ihes eginda, eta gertu izan dute garaipena. 400 metrora harrapatu dute azkena, Ruiz. Eta helmugan Alaphilippek bere legea ezarri du.

Itzuliko etaparik luzeena zen gaurkoa, 207,6 kilometrokoa, aproposa ihesaldiak egiteko. Hala, Ruizek, Amezketak, Azurmendik eta Okamikak aurrera egin dute. Bost minutu eta erdiko abantaila izatera ere ailegatu dira, tropelean zegoen patxada baliatuta. Nahiz eta tentsio apur bat zegoen, haizea egonez gero adi egon behar zutelako. Baina ez da hala gertatu gaurkoan. Eguraldi aparta izan dute txirrindulariek. Tropelak baimena eman die iheslariei bidea egiteko. Helmugara iristeko 48 kilometro falta zirenean, 1.48ko errenta zuten. Bazirudien saiakera horretan geratuko zela. Baina ez da horrela izan. Tropelak erritmoa jaitsi du Aguilar gainean gora, eta bi minututik gora igo dute abantaila lau iheslariek. 2.07ra, 20 kilometro baino gutxiago falta zirenean.

Hurrengo 10 kilometroak batera egin dituzte laurek. Baina, erreleboetan adostasun apur bat falta zela ikusita, Ruizek aurrera egin du, eta zazpi segundoko errenta hartu du iheskide izan dituenekiko. Hortik aurrera nabarmen egin du behera aldeak. Quick Stepek hartu du tropelaren ardura, eta Alaphilippen etapa garaipena prestatzen joan da. Segundoak bizkor jaisten joan dira azken bost kilometroetan. Baina garaipena posible zela sinetsita zegoen Ruiz, eta hortzak ondo estutu, eta tiraka jarraitu du. Baina, beste behin, txirrindularitzaren krudela jasan dute, eta aurrena Amezketa, Azurmendi eta Okamika, eta gero Ruiz harrapatu dituzte. 400 metrora azken hori. Orduan Remco Evenepoelek, laguntzaile finaren elastikoa jarri, eta garaipena prestatu dio Alaphillipperi. Hark lana biribildu du.

Sailkapenaren lehen postuan ez da aldaketarik izan, eta Primoz Roglicek segitzen du lehen postuan. Biharko etapa Laudio eta Amurrio artean korrituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.