Euskal Herriko Itzulia

Etapa gogorra jokatuko da gaur Arabako lurretan

Bost mendate igo beharko dituzte Laudio eta Amurrio artean. 181,7 kilometroko saioa izango da, eta errepide tenteak eta estuak izango dituzte bigarren erdian. Faboritoek erne ibili beharko dute.

jarraia211867.jpg
enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 6a
08:15
Entzun

Gauzak serio jarriko dira gaur Itzulian. Atzo egun lasaia izan zuten lasterketa irabazteko hautagaiek, baina gaur arreta handiz eta indar betean jardun beharko dute, Laudio eta Amurrio lotuko dituen etapa gorabeheratsuan. Bost mendate edukiko dituzte bidean: Altubera igoko dira lehenik, 4,5 kilometro eta %5,7ko pendiza, eta gero birritan gainditu beharko dituzte Opellora, 1,1 kilometro eta %13ko pendiza, eta Ozeka, 3,6 kilometro eta %7,4ko pendiza. Errepide estuetan barna ibiliko dira txirrindulariak, eta funtsezkoa izango da matxurak eta erorikoak saihestea. Galtzeko asko egongo da.

Ikusi gehiago:Atzoko kronika: Ortzadarra ukiezina izan da

Etaparen lehen erdia ez da bortitzegia. Sasiordekan hasiko dira, eta, 20 kilometroren ostean, Altube igoko dute. Hortik aurrera ez da ordekarik izango, baina ezta aldapa gogorrik ere. Ihesaldiak bidea egingo du tarte horretan, eta oilarrak nahiko bare izango dira, azken 90 kilometroetan piztuko den lehiaren zain. Laudioko tarteko helmuga pasatu, eta orduan hasiko da aldapa festa. Bi bira emango dizkiote zirkuitu bati, eta gatza eta piperra Opellorak eta Ozekak jarriko dute. Puntuagarriak ez diren beste malda batzuk ere aurkituko dituzte. Helmugatik oso gertu, beste koska bat egongo da, eta baliteke etapa han erabakitzea.

Faborito askoren nahia izango da tranpan ez erortzea eta ezbeharrak saihestea, lasterketa apurtzea baino gehiago. Primoz Roglici (Jumbo Visma) komeni zaio gehien zalaparta gehiegi ez izatea, lasterketako liderra izaki. Sailkapen nagusian bost segundo ateratzen dizkio Remco Evenepoeli (Quick Step), eta hamasei Remi Cavagnari (Quick Step). Euskal herritarren artean, Ion Izagirre (Cofidis) dago hobekien kokaturik: zortzigarren postuan ageri da, lidergotik 20 segundora. Atzerago dago Pello Bilbao (Bahrain), hemezortzigarren postuan, eta gaur sua piztuko dutenetako bat izan daiteke.

Ikusi gehiago:Amaia Agirreren 'Erreleboka' zutabea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.