Sareak

Twitterrek baieztatu du txioak editatzeko tresna bat lantzen ari dela

Elon Musk enpresariak eginiko galdeketa baten ondotik iritsi da baieztapena. Tresna garatzen ari dira oraindik, baina aurreratu dute txioak editatzeak ez diela eragingo aurrez pilatutako birtxiotze eta atsegiteei.

jarraia211869.jpg
Nagore Arin.
2022ko apirilaren 6a
10:20
Entzun

Azkenean iritsi da Twitterreko erabiltzaile askok eta askok denbora luzean amestu dutena: txioak editatu, moldatu edota zuzentzeko aukera emango duen botoia. Tresna bera ez da iritsi oraindik; bai, baina, hura garatzen ari direla ziurtatzen duen baieztapena. Bestela ezin zitekeen moduan, Twitter bidez eman dute albistearen berri. «Orain guztiak galdetzen ari direnez... Bai, txioak editatzeko tresna bat lantzen ari gara!», adierazi dute. Twitter Blue deituriko plataformako erabiltzaileekin ari dira tresna garatzen, eta botoia funtzionamenduan jarri baino lehen zerk funtzionatzen duen eta zerk ez aztertu nahi dute.

Sare sozial horretan bertan eginiko galdeketa baten ondotik iritsi da baieztapena. Elon Musk asmatzaile, ingeniari eta enpresaburuak bota zien galdera bere jarraitzaileei. Ea Twitterrek funtzio hori izaterik nahiko luketen ala ez galdetu zien, eta erantzuna espero zena izan zen: baietz. Tesla Motors, Paypal, SpaceX eta beste hainbeste enpresa handiren sortzaile izateaz gain, Twitterreko Zuzendaritza Batzordeko kide ere bada Musk, eta talde horretan ateratako kezketatik abiatuta bota zien galdera bere jarraitzaileei.

Jay Sullivan Twitterreko kontsumo produktuen lehendakariordeak esan du eskaera aspaldidanik datorrela, eta nabarmendu Twitterren historian gehien galdegin den eskaera dela. Tresnari berari dagokionez, ez dute haren funtzionamenduari buruzko xehetasun askorik eman nahi izan, baina azaldu dute erabiltzaileei txioak editatzeko, moldatzeko edota zuzentzeko aukera emango diela. Halaber, azpimarratu dute txioak editatzeak ez duela eraginik izango argitaratutako mezuak aurretik pilatuta zituen birtxiotze eta atsegiteetan: txioa editatuta ere, kopuru horiek mantendu egingo dira.

Musk, Twiterreko akziodun nagusi

Elon Musk enpresariak ez darama denbora asko Twitterreko Zuzendaritza Batzordean, baina, sartu zenez geroztik, bertako akzioak erosi eta erosi aritu da. Martxoaren 14tik, kasurako, 73.486.938 akzio ditu Tesla Motors auto elektrikoen enpresa entzutetsuko buruak, akzioen %9,2. Ondorioz, Twitterreko akziodun nagusi bilakatu da, enpresaren beraren fundatzaile Jack Dorsey garatzaileak dituenak halako lau baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.