Zaintza fiskala

Dendartean: «Ezin da Ticket Bai ezarri merkataritza txikiari kalte egin gabe»

Gipuzkoako Merkataritza Elkarteak ziurtatu du ezin dela Gipuzkoako Aldundiak negozioen fakturazioa zaintzeko martxan jarri duen sistema aplikatu «merkatari txikiei kalte handia egin gabe».

Gipuzkoako Aldundiak Ticket Bai sistema aurkezteko agerraldia. GORKA ESTRADA / EFE
xabier martin
2022ko apirilaren 6a
13:00
Entzun

Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Elkarteak aurkakotasun handia adierazi du Ticket Bai sistema dela eta. Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko negozioen fakturazioa zaintzeko sistema da Ticket Bai, zerga ihesa eragozteko helburua duena, eta aurtengo azarorako derrigorrezkoa izango dela erabaki du erakundeak. Bada, Dendartean elkartean bildutako Gipuzkoako merkatari txikiek ohartarazi dute sistema hori ezin dela martxan jarri aldundiak ezarri dituen «epe eta prozedurekin», baldin eta ez bazaie «merkatari txikiei kalte handia» egiten. «Ez dago aukera errealik Ticket Bai ezartzeko kalte handia egin gabe», esan du elkarteak. 2.200 komertzio daude Dendartean elkartean, eta ohar baten bidez esan dute ez dagoela iruzur fiskalik beren negozioetan; «ez dago iruzur bat derrigorrezko sistema ezartzeko urgentzia hau justifikatzen duenik».

Dendartean-ek gogoratu du Ticket Bai sistemak komertzio txikiak behartu egiten dituela beren salmentak gertatzen diren unean helaraztera ogasunera, «programa informatikoen bidez. Aldi berean, jakinarazi du Espainiako Gobernuak lege egitasmo bat duela tramitean, araudi bat garatzeko fakturazio sistemen inguruan. Eta erantsi du Madrilen asmoa dela negozioek «borondatez eta inolako derrigortasunik gabe» jartzea horrelako sistemak, fakturazioak ogasunera bidal daitezen gertatzen diren unean.

Garai oso desegokia

Horrek «prezioak asko merkatzea» ekarriko du software programetan, sistema horien alorrean. Horregatik uste du Dendartean elkarteak onena dela «legearen zain geratzea eta sistema ezartzeko erritmoa estatuarenera egokitzea».

Gipuzkoako Aldundiak zenbait laguntza ekonomiko jarri ditu martxan saltoki eta negozio guztiek Ticket Bai jar dezaten, eta azarorako sistema derrigorrezkoa izango dela erabaki du. Bada, Dendartean elkarteak ohartarazi du «Gipuzkoan aritzen diren enpresa eta autonomo asko» ez direla horretara behartuta egongo, «haien egoitza fiskalak Euskaditik kanpo daudelako».

Hori guztia kontua hartuta, merkatari txikien elkarteak eskatu du Ticket Bai sistemaren ezarpena atzeratzeko, «garai hau oso desegokia delako eta negozioen itxierak azkartuko dituelako». Bizkaiko eta Arabako aldundiek ere antzeko sistemak ezartzeko helburuak dituzte, baina Bizkaiak atzeratu egin du. Arabak, berriz, aurtengo urriarekin hasi nahi du derrigorrezko sistema gisa erabiltzen, eta ArabaDendak ere malgutasuna eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.