BURKINA FASO

Bizi guztiko zigorra ezarri diete Sankararen hilketaren akusatu nagusiei

1987an lider panafrikanista hiltzea egotzita, Burkina Fasoko auzitegi militar batek Blaise Compaore herrialdeko presidentea izandakoa (1987-2014) zigortu du. 2014tik Boli Kostan dago erbesteratuta

Thomas Sankara Burkina Fasoko presidentea izan zen 1984tik 1987ra. BERRIA
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 6a
16:22
Entzun

Burkina Fasoko presidente (1984-1987) eta panafrikanismoaren liderretako bat izandako Thomas Sankararen hilketaren akusatu nagusiei bizi guztiko kartzela zigorra ezarri die gaur Uagaduguko (Burkina Faso) auzitegi militar batek. Zigortuetako bi dira Blaise Compaore 1987 eta 2014 artean herrialdeko presidentea izandakoa eta haren segurtasun dispositiboaren burua zena, Hyacinthe Kafando. Biak ala biak in absentia epaitu dituzte, 2014tik Boli Kostan erbesteratuta daudelako. Gilbert Diendere jeneralari ere zigor bera ezarri diote. Hogei urteko espetxe zigorra betetzen ari da hura, 2015ean herrialdean gertatutako estatu-kolpe saiakeraren buruetako bat izatea egotzita. Beste bederatzi akusaturi hiru eta hogei urte arteko zigorrak ezarri dizkiete.

Hilketaren ikerketa blokeatuta egon zen Compaorek agintean egindako ia 30 urteetan. Azkenean, iazko urrian hasi zen epaiketa. Sei hilabeteotan ehun bat lekukok deklaratu dute. Fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Compaorerentzat eta Kafandorentzat joan den otsailean. Presidente ohiaren defentsaren iritziz, «salbuespenezko jurisdikzio bat» duen epaiketa politiko bat izan da, epaimahaia militarrek osatzen dutelako. Argudiatu dute, gainera, immunitatea duela, estatuburua izan zelako. 2015tik dago emanda hura atxilotzeko nazioarteko agindu bat.

Compaore bezala, Sankara ere (1949-1987) militarra zen, eta estatu kolpe baten bidez heldu zen agintera, 1983an. Hilketarik ez zen izan, ordea, matxinada hartan. Carlo Bataren L'Africa di Thomas Sankara (Thomas Sankararen Afrika) liburuaren hitzaurrean Giovanni Giacopuzzik aipatzen duenez, «gerra gorrotatzen zuen militar bat» zen Sankara.

Iraultza sozialista bat zuen asmo, eta, horretarako, erreforma plan handi bat jarri zuen martxan. Besteak beste, helburu hauek zituen: lurrak eta baliabide naturalak nazionalizatzea; lehen mailako beharretan oinarrituriko garapen autonomoari bide ematea; herritarren ongizatea bermatzea; demokrazia zuzena erdiestea; emakumeen rola sustatzea; kontsumo beharrak asetzeko adina ekoiztea; eta eliteen pribilegioen aurka borrokatzea. Kubako iraultzaren jarraitzailea zen, eta Afrikako Che Guevara deitu izan diote. Herritarren eskutik egin nahi zuen iraultza. Esaten zuen hobe zela herriarekin urrats bat egitea, herririk gabe hamar egitea baino.

Pauso horiek emateko ezinbestekoa izan zen Compaoreren laguntza. Biak lagun minak ziren orduan, eta bizi guztiko kartzelara zigortua Justizia ministro izan zen 1984tik 1987ra. Urte haiei buruz hitz egin izan duen aldi bakanetan adierazi izan du Sankara agintetik kendu nahi zuela baina ez zuela hil nahi, eta hilketa gertatu zela estatu kolpe bat emanez hura atxilo hartzera joan zirenean liskarraldi bat izan zelako.

Bere aholkulariekin bilera bat egiten ari zen Sankara 1987ko urriaren 15ean, eta erasoan hamabi kolaboratzaile ere hil zituzten. Erasotik bizirik atera zen bakarra Alouna Traore izan zen. Epaiketan lekuko gisa deklaratu du, eta Compaoreren bertsioa gezurtatu. Traoreren arabera, soldaduak bilera gelan sartu ondoren, Sankarak eskuak altxatu zituen, eta besteei adierazi zien haren bila joanak zirela militarrak. Jarraian hil zutela adierazi du Traorek.

Buruzagi deserosoa
Sankarak uko egin zion Burkina Fasok zuen kanpo zorra ordaintzeari, eta Afrikako gainontzeko herrialdeek ere gauza bera egitea nahi zuen. Gainera, harreman bikainak zituen Sobietar Batasunarekin eta Kubarekin. Horrenbestez, lider deserosoa zen Mendebaldearentzat.
Herrialdea Frantziaren kolonia bat izan zen 1919tik 1958ra. Orduan Volta Garaia izena zuen, eta, agintera heldu eta berehala, Burkina Faso (gizon duinen herria) izena jarri zion. Frantziako orduko agintariek ere ez zuten Sankara gogoko, auzitan jartzen zituelako Parisek kontinentean egiten zituen esku hartzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.