Musika

Sandoval, Torres eta Valle Gasteizko Jazzaldian izango dira

Jaialdia uztailaren 12tik 17ra egingo dute

Arturo Sandoval, 2010ean, Donostiako Jazzaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
mikel lizarralde
2022ko apirilaren 7a
11:26
Entzun

Arturo Sandoval tronpeta jotzaile kubatarra, Xavi Torres pianista kataluniarra eta Giulia Valle kontrabaxu jole italiarra gehitu zaizkio Gasteizko 45. Jazzaldiaren programazioari, gaur antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Arturo Sandoval (Artemisa, 1949) jazzeko tronpeta jotzaile ospetsuenetako bat da munduan. Irakere sortu zuen, Kubako jazz talderik garrantzitsuena, Paquito D'Rivera saxofoi jotzailearekin eta Chucho Valdes pianistarekin batera. Ondoren, Miamira (AEB) lekualdatuta, bakarkako ibilbidearekin jarraitu zuen. Hainbat musikarirekin kolaboratu du grabazioetan, besteak beste Dizzy Gillespie bere maisuarekin, Rod Stewartekin, Alicia Keysekin, Stan Getzekin eta Woody Hermanekin. Gainera, zinemarako ere egin du lan.

Sandovalek uztailaren 15ean Mendizorrotzan emango duen kontzertuaren aurretik, Europako jazz panoraman proiekzio handia duen musikari bat izango da: Xavi Torres. Gaztea izan arren, Kataluniako pianistak (Tarragona, 1991) ibilbide oparoa egin du: Amsterdamen ikasi zuen, eta, Europako musikariekin kolaboratzeaz gain, klasikoko ikasketak eta jazz masterra ere egin zituen. Lau disko grabatu ditu bere hirukotearen buru gisa, eta beste musikari batzuen 30 proiektu baino gehiagotan parte hartu du. Martin Leiton kontrabaxu jotzailea eta Andreu Pitarch bateria jotzailea Xavi Torresekin batera arituko dira Gasteizen.

Giulia Valle (San Remo, Italia,1972) konpositore, kontrabaxu jotzaile eta orkestra zuzendariak ere bat egin du jaialdiko kartelarekin, eta aste honetan bertan jazz latinoko disko onenaren Grammy saria irabazi duen Eliane Eliasekin batera ariko da Gasteizen. Bartzelonan, Parisen eta New Yorken hazi zen, eta John McNeil, Guillermo Klein, Mayte Martin, Bill McHenry, Jason Lindner eta Antonio Canales musikariekin kolaboratu du, besteak beste. Jazzaldian, Giulia Valle Ensemble proiektua aurkeztuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.