Musika

Pop-rock doinuak Donostia Festibalaren itzulerarako

Bulego, Nogen, Nil Moliner, Melendi, Arnau Griso eta Stay Homas ariko dira, besteak beste, Donostiako hipodromoan. Irailaren 16an eta 17an egingo da, eta sarrerak bihar jarriko dira salgai.

Donostia Festibalaren oholtza, 2019an, hipodromoan. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
aitor biain
2022ko apirilaren 7a
13:24
Entzun

Donostia Festibala bueltan da, eta pop-rock doinuekin ospatuko du itzulera hori. Donostiako hipodromoan egingo dute jaialdia berriz, irailaren 16an eta 17an, eta dagoeneko ezagutarazi dituzte bertan izango diren lehen musika taldeak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, jaialdiaren «erregistro estilistikoa irauli» egin nahi dute aurten; izan ere, musika urbanoa nagusitu da jaialdian azken urteetan, baina bestelako doinuak entzungo dira aurten.

Hain zuzen ere, pop musikaren bueltako Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako musikariak daude gaur iragarri dituztenen artean. Bertako ordezkariak dira, esaterako Bulego, Nogen, Bengo eta Andrea Santiago.

Baina, horiez gain, Nil Moliner, Arnau Griso, Melendi, Stay Homas, Marlon eta Veintiuno ere ariko dira. «Aurtengo egitarauak ezin hobeki jasotzen du Donostia Festibaleko publikoaren gustu aniztasuna», nabarmendu dute antolatzaileek.

Osasun egoera baldintzatuta bertan behera utzi behar zuten jaialdia 2020an, eta egokitutakoa egin zuten iaz Donostiako belodromoan. Besteak beste, Kase.O, Los Chikos del Maiz eta Lagrimas de Sangre aritu ziren, 2.600 lagunen aurrean.

Aurtengo jaialdirako sarrerak bihar jarriko dira salgai www.donostiafestibala.com eta seetickets.es/com webguneetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.