Euskal Herriko Itzulia

Aldapa ugari eta bukaera bortitza, Itzuliaren bosgarren etapan

Itzuliak Zamudio eta Mallabia lotuko ditu gaur, 163 kilometroko etapan. Bost mendate igoko dituzte, eta helmuga horma batean egongo da. Lehia izango da faboritoen artean, Arrateko etapa handiaren aurretik.

enaut agirrebengoa
2022ko apirilaren 8a
07:22
Entzun

Oso gogorra izango da Itzuliko azken-aurreko etapa. Lasterketa bihar erabakiko da, Arratera bidean, baina erasorako gogoz denak ez du zertan itxaron. Izan ere, igoeraz jositako ibilbide batean ariko dira gaur, Zamudio eta Mallabia artean. Bost mendate puntuagarri gainditu, eta lanak maldan gora bukatuko dituzte. Kilometro inguruko aldapa izango dute amaieran, eta hankak ondo estutu beharko dituzte, tarte batez %16ko pendiza egongo baita. Baliteke bertara lasterketa apurtuta iristea, hogei kilometroren faltan Karabieta igoko baitute. Baliteke garaipena onenen arteko esprintean erabakitzea berriro, baina haiei aurrea hartzen saiatuko dira ihesaldikoak. Orain arte, tropelaren legea bete da etapa guztietan.

Ez dago lehen mailako mendaterik, baina, halere, igotzaileentzako etapa izango da; 3.500 metro inguruko desnibela du. Koska bat topatuko dute hasi orduko, eta, 20. kilometro egin ondoren, Paresi igo beharko dute, bigarren mailakoa (9 kilometro eta %3,4ko pendiza). 100 kilometroren faltan, berriz, Bedaronan gora jarriko dira (2,1 kilometro eta %7,1). Hirugarren mailako beste bi mendate igoko dituzte ondoren, bata bestearen segidan: Gontzagaraigana (2,6 kilometro eta %6,5) eta Trabakua (3,3 kilometro eta %7,1). Ibilbideak hautsia eta bihurria izaten jarraituko du, eta nekea pilatuta iritsiko dira Karabietara. Bigarren mailako mendatea da (6,7 kilometro eta %5,6), eta bertan sua pizteko intentzioz izango da bat baino gehiago. Gainetik helmugara hamahiru kilometro besterik ez dago.

Primoz Roglic (Jumbo Visma) horiz jantzia da lehen etapaz geroztik, eta lidergoari beste egun batez eusten saiatuko da gaur. Bigarren Remco Evenepoel (Quick Step) dago oraindik, bost segundora. Hirugarren Daniel Felipe Martinez (Ineos) jarri zen atzo, etapa irabazi eta gainsariak urratuta. 11 segundo ditu galduak Roglicekin. Seigarren dago Pello Bilbao (Bahrain), hemeretzi segundora; eta zortzigarren Ion Izagirre (Cofidis), 20ra. Onenen pare aritu nahiko dute gaur ere, bihar Arraten bukatuko den etapa erabakigarriaren aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.