Arritxu Iribar

«Saltsero samarra naiz; oraindik ez dut egin ezetz esaten ikasteko ikastaroa»

1987tik ari da Arritxu Iribar Euskadi Irratian lanean. Kirol esataria da egun, eta txirrindularitza kronikak egiten ditu, batez ere. Kirol zinegotzia ere bada Zumaiako Udalean.

Arritxu Iribar. IHINTZA ELUSTONDO, GIPUZKOAKO HITZA
Ihintza Elustondo, Gipuzkoako Hitza
2022ko apirilaren 8a
11:23
Entzun

“Urteko egunik politenetakoak”. Halakoxeak dira Euskal Herriko Itzuliko etapak Arritxu Iribarrentzat (Zumaia, 1963). “Tentsio handiko egunak izaten dira, baina izugarri gustatzen zait txirrindularitza, eta gozamena da munduko onenak etxean izatea eta haien berri ematea”. Nahiz eta aste honetakoak lan askoko egunak izan, agendan bilatu du tarte bat hizketarako. Eguna esnatu berritan, motoan joateko arropa soinean duela agertu da elkarrizketara. Euskadi Irratiko kirol esataria da 1987tik, ia-ia sorreratik —1982an sortu zen—, eta Zumaiako Udalean Kirol zinegotzia ere bada azken bi legealdietan.

Gaur egun, txirrindularitzaren ahotsetako bat zara Euskadi Irratian, baina Euskal Filologia ikasi zenuen. Zergatik egin zenuen jauzi kazetaritzaren mundura?

Euskal Filologiako bosgarren mailan geundenean ari zen sortzen Euskal Irrati Telebista, eta hedabide horretarako Euskal Filologiako ikasleak behar zituztela esan ziguten. Zenbait ikaskidek probetarako izena eman genuen: batzuek, telebistarako; eta beste batzuek, irratirako. Niri, betidanik, telebista baino gehiago gustatu izan zait irratia, magikoagoa iruditzen zaidalako. Probak egin genituen, eta aukeratuetako bat izan nintzen. Halaxe hasi nintzen Euskadi Irratian, goizeko saio batean. Handik urtebetera, oposizioak egin zituzten, eta aurkeztu egin nintzen, oso-oso gutxi prestatuta. Irratiko oposizioak nolakoak ziren ikusteko eman nuen izena, etorkizunerako ondo etorriko zitzaidala pentsatuz. Eta horrelaxe, oposizio haiek gainditu egin nituen, asko espero gabe.

1987az geroztik ari zara Euskadi Irratian lanean. Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek?

Irratiak liluratu egiten nau, eta hasierako urteak oso-oso politak izan ziren. Lehen bi urteetan, Joxerra Gartziaren gidaritzapean aritu nintzen, lantalde zoragarriarekin: Nekane Peñagarikano, Beatriz Zabaleta, Joxerra Gartzia eta ni neu ginen taldean. Goizeko magazin bat egiten genuen, eta oso-oso ondo pasatzen genuen. Lankideak baino gehiago, lagunak ginen, eta ikaragarri babesten genuen elkar. Denok sekulako ilusioa genuen, bat eginda geunden, eta euskaran, Euskal Herrian eta irrati publikoan sinesten genuen.

LAB sindikatuko kidea ere bazara, eta EITBn lan borroka dezentetan parte hartu izan duzu. Zer borroka irabazi dituzue urteotan? Eta zeintzuk galdu?

Galdutakoei baino garrantzi handiagoa ematen diet irabazitakoei. Jendeak lan baldintza duinak izan ditzan borrokatu gara, eta, batez ere, lanpostu finkoen alde egin dugu. Euskararen alde ere asko borrokatu gara, eta, horri lotuta, gogorra izan zen 2014ko oposizioen harira bizi izan genuena. Oposizio haietarako euskara lehenetsi genuen guk, baina ez Euskadi Irratirako bakarrik, Radio Euskadirako ere bai. Izan ere, guk sinisten genuen euskaratik egin behar genuela Euskadi Irratia —Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea horren barruan ulertuta—, herri honetan, euskararik gabe ez goazelako inora. Radio Euskadin bazegoen euskara mailarik ez zuen jendea, eta haiei bi urtean euskarazko beharrezko profila eskuratzeko aukera eman zitzaien. Gogorra izan zen borroka hura: batzuek ez zuten gainditu oposizioa, eta ez zuten gure ikuspegi bera. Batzuek oraindik ez digute barkatu hori.

Euskadi Irratian esatari aritu ziren lehen emakumeetakoa zara, eta kirol arloan emakumeen ikuspegia txertatzeko ahalegina ere egin duzu urteotan.

Bai, baina oso era naturalean. Goizetan egiten genuen magazin hartan ohartu ziren asko gustatzen zitzaidala kirola jarraitzea, eta, pixkanaka, ateak irekitzen hasi zitzaizkidan. Asteburuero txirrindulari lasterketak ikustera joaten nintzen, afizioz, eta, horren harira, txirrindularitza kronikak egiten hasi nintzen irratian. Gero, kiroletan aritzeko aukera eman zidaten, eta hori izugarria izan zen niretzat. Lehen emakumeetakoa izan nintzela? Bai, baina, tira, pentsatzen dut denok garela zerbaitetan aurrenak, eta horri ez diot garrantzi handiegirik ematen. Oso era naturalean bizi izan dut hori, eta gaur egun ere hala bizi dut. Lantaldean ez dut inoiz ezer desberdinik sentitu; oso ondo sentitu izan naiz, integratuta, eta bat gehiago izan naiz beti. Uste dut, une honetan, borroka egin baino gehiago, gure espazioa bilatu behar dugula emakumeok, era natural batean. Erakutsi behar dugu besteek bezalaxe egin ditzakegula gauzak eta denok berdinak garela.

Noizbait esan izan duzu lehen, emakumeek debekatua zutela txirrindularitza probetan autoan joatea…

Hala da, bai. Ni 1987an hasi nintzen irratian lanean, eta 1990eko Euskal Herriko Itzulia izan zen lan egitea tokatu zitzaidan aurrenekoa. 1987-1988 inguruan, ordea, emakumeak ezin ziren autoan joan txirrindularitza lasterketetan. Orduko probetan ez zeuden oraingo baliabideak, eta kazetariak, askotan, zuzendarien autoetan joaten ziren. Txomin Perurena izan zen autoan emakume kazetari bat eraman zuen lehenengo zuzendaria. Mekanikariz jantzi zuen Miren Gasca, buzo batekin, eta hark mozorrotuta kontatu zuen lasterketa. Zorionez, nik ez dut bizi izan halakorik, eta sekula ez dut izan arazorik akreditazioa eskuratzeko nahiz motoan joateko.

Gaur egun, txirrindularitzari lotutako gaiak aztertzen dituzu, batez ere. Zuk txiki-txikitatik kasu egin izan diozu kirol horri. Noiz piztu zitzaizun txirrindularitzarekiko grina hori?

Gure etxean oso txirrindularitzazaleak izan dira gehienak, eta anaiak txirrindularitza praktikatzen zuen, gainera. Haren lasterketak jarraitzen hasi nintzen. Gero, jendea ezagutu ahala, horien jarraipena egiten nuen; ikusten nuen batzuk profesionaletara iristen zirela… Mundu horretan sartuta nengoen, eta niretzat ez zen esfortzu handia kirol hori jarraitzea; oso gustura egiten nuen. Gaur egun ere, asteburuetan, bi, hiru edo lau lasterketa ikusten ditut, berdin zait zer mailatakoak: kadeteenak, gazte mailakoak… Izan ere, Zumaiako Txirrindulari Elkartean aritzen naiz lanean, eta baita Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioan ere; gauza bat edo bestea dela, beti egoten da aitzakiaren bat edo arrazoiren bat lasterketetara joateko.

Txirrindularitzak, beraz, lana izateaz gain, ordu asko betetzen ditu zure egunerokoan…

Bai, asko. Gehitxo, agian.

Zer ardura duzu Zumaiako Txirrindulari Elkartean?

Elkarteko presidenteordea eta idazkaria naiz, eta, era berean, nik gobernatzen ditut kadeteak eta gazteak. Oso gustura aritzen naiz haiekin. Oso polita da gaztetxoek zer-nolako ilusioa duten ikustea. Gainera, gure taldeko bat profesionaletara iritsi da, eta Euskal Herriko Itzulian dabil orain: Jon Agirre. Sekulako ilusioa egiten du gurekin hasitako bat profesionaletara iritsi dela ikusteak.

Urteotako ibilbidean, ba al da sekula ahaztuko ez duzun unerik?

Ez ditut sekula ahaztuko Miguel Indurainek irabazi zituen Frantziako Tourrak. Tourra da lasterketarik handiena, eta niretzat izugarria izan zen Indurainen garaipenak kontatzea eta Euskal Herriari helaraztea. Oso polita izan zen Jon Agirrek profesionaletan debuta egin zueneko eguna ere, haren lasterketa kontatzea. Eta amets bat ere badut: nire ilobaren [Unai Iribar] lasterketa baten berri ematea; uste dut une hori ez dudala sekula ahaztuko. Profesionaletan ari da dagoeneko, baina ez du parte hartu aurtengo Itzulian. Espero dut erretiroa hartu baino lehen ikusi ahal izango dudala nire iloba Itzulian.

Argi dago afizioa eta ofizioa uztartzeko zortea duzula…

Bai, eta ikaragarria da hori. Zoragarria da gustatzen zaizun horretan lan egitea. Egiten duzunarekin gustura baldin bazaude, antzeman egiten da.

Hizlari edo esatari gisa ere aritzen zara hainbat kirol probatan. Nolatan?

Jendea atzendu egiten da kirol probetan lan hori egiteko, baina nik betidanik izan dut edozein kiroletan laguntzeko jarrera, eta antolatzaileei arazo handien ematen zien zeregina esataria aurkitzea zenez, askotan nire gain hartzen nuen lan hori, horretan laguntzeko gaitasuna banuela sentitzen nuelako. Arraunean egin izan ditut esatari lanak, txirrindularitzan ere bai, atletismoan…

Saltsero samarra izango zara…

Bai. Oraindik ez dut egin ezetz esaten ikasteko ikastaroa…. Zain nago ea noiz antolatzen duten, eta apuntatu egin behar dut, nahi eta nahi ez!

Politikarako pausoa ere eman zenuen. Zumaiako Udalean Kirol zinegotzia zara, EH Bildurekin. Nondik ateratzen duzu denerako denbora?

Politikan edo… Herrigintzan aritzen naizela esango nuke gehiago. Neure burua ez dut ikusten politikari gisa. Denbora? Askotan esaten dute norberarentzako denbora hartu egin behar dela, eta niretzako hori da neuretzako denbora hartzea, besteei ahal dudana eskaintzea. Etxean behar nukeena baino gutxiago egoten naiz, baina alde horretatik ere badut babesa, eta ez naiz kexatzen.

Bigarren agintaldia duzu Zumaiako Udalean. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Lehen agintaldian oposizioan egon ginen, eta agintean gaude orain. Baina bai lehen eta bai orain, lantaldea edo lagun taldea nabarmenduko nuke nik. Elkar babestuz, gauza pila bat egin daitezke herriaren onerako. Hori bai, burokraziak arazo pila bat sortzen ditu, eta, askotan, bi urte behar izaten dira bi hilabetetan egin nahiko zenukeen zerbait egiteko. Frustragarria da hori. Urte gogorrak tokatu zaizkigu, gainera: lehenik, pandemia; eta orain, krisia. Baina guztiari aurre egin eta agintaldia indartsu bukatzeko gogoz gaude.

Bertsolaritzazalea ere bazara…

Bai. Oso txarra naiz bertsotan, baina ikaragarri gustatzen zaizkit. Azkenaldian gutxiago jarraitzen dut. Hainbeste afizioren artean, hori sakrifikatu dut, agian. Baina gustatzen zait, ahal dudanean, jaialdietara joatea, txapelketetakoetara nahiz bestelakoetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.