Zientzia

Unibertsoa ulertzeko teoria hankaz gora jar dezakeen aurkikuntza bat egin dute

W bosoiaren masa teoriak aurreikusitakoa baino handiagoa dela ondorioztatu dute. Baieztatzen bada, ez da aski izango teoria moldatzea, eta goitik behera pentsatu beharko dute berriz.

Illinoiseko (AEB) Tevatron talkagailuak emaniko datuak aztertzen egin dute aurkikuntza. RIFFSYPHON1024
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 8a
11:29
Entzun

«Eureka!» (aurkitu dut!) oihukatzen dute zientzialariek azkenean topatzen dutenean erantzun bat. Baina, oraingoan, «ezin liteke!» oihukatu behar izan dute. Izan ere, unibertsoak nola funtzionatzen duen azaltzen duen fisika eredu estandarra hankaz gora jar dezakeen aurkikuntza bat egin dute, hamar urtez datuak aztertu ostean.

Oinarrizko partikula batek du errua: W bosoiak. Aurkitu dutenez, ereduak aurreikusten duen baino askoz masa handiagoa dauka. %0.1 handiagoa. Txikia da partikula, atomoa baino txikiagoa, eta alde horrek txikikeria eman dezake. Baina teoria puskaka eta kontu handiz osatzen aritu dira joan zen mendetik, puzzle gisa, eta, pieza bat esperotakoa ez bada, eskema osoa aldatu beharko dute.

Atomoa baino txikiagoak diren partikulak abiada handian elkar jotzen eta emaitza aztertzen lan egin zuen Illinoiseko (AEB) Tevatron talkagailuak 2011. urtera arte. Ordutik geldituta dago gailua, baina 400 zientzialarik hamar bat urte behar izan dituzte eman zituen datuak aztertzeko. Lan hori egin dutenean heldu da ustekabea.

Mende erdiko teoria

Fisikaren eredu estandarrak 50 urtez arrakasta handiz azaldu du atomoak baino txikiagoak diren partikulek nola funtzionatzen duten. Eduki ditu arazoak, ezin duelako, esaterako, unibertsoaren %95 osatzen duen materia iluna azaldu. Baina, oro har, orain arte ongi bete dira hori erabilita egin diren aurreikuspenak. Tevatroneko datuen azterketa heldu arte.

Harridura eragin dute ondorioek, ez baita nahikoa izango teoria moldatzea. Haatik, errotik pentsatu beharko dute berriz.

Horregatik, hainbat zientzialarik zuhur jokatzeko eskatu dute. Esaterako, Frantzia eta Suitza arteko CNRS institutuko Jan Starkek esan duenez, «bietako bat: hau sekulako aurkikuntza da, edo arazo bat dago datuen azterketan». Izan ere, beste bi esperimentuk ereduaren arabera espero zitekeen emaitza ekarri dute, eta elkarrekin bat etorri dira.

Orain, itxaropena Hadroi talkagailu handian dago: han topatu zuten 2012an Higss bosoia. Fisikaren eredu estandarrak aurreikusi zuen partikula hori bazela, baina 40 urte behar izan zituzten aurkitzeko. Hiru urtez egon da geldirik talkagailua, eraberritu bitartean, eta aurten bertan da berriz lanean hastekoa. Litekeena da erabakigarria izatea fisika hankaz gora jar dezakeen neurketa baieztatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.