Eusko Legebiltzarra

Legebiltzarrak Urkulluren plana babestu du, baina ez dela nahikoa ohartarazi du

Eusko Jaurlaritzak 200 milioi euroko funts bat iragarri du Ukrainarekin lotutako krisia apaltzeko. Oposizioaren arabera, ez du «egiturazko neurririk» jasotzen. EH Bilduk salatu du lehendakariak «plan itxi» bat aurkeztu duela eta ez duela berekin neurririk adostu nahi izan.

Eusko Jaurlaritzakoi lehendakari Iñigo Urkullu. DAVID AGUILAR / EFE
Jokin Sagarzau - Xabier Martin
2022ko apirilaren 8a
13:00
Entzun

EH Bilduren ekimenez, Eusko Legebiltzarrak saio monografikoa egin du ostiral honetan, Ukrainako gerra eragiten ari den krisi ekonomikoari buruz eta horri aurre egiteko neurriak adosteko, baina, oposizioko taldeek salatu dutenez, negoziazioa baldintzatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, bere lehen hitzartzean plan bat aurkeztu duenean. Hori, halere, ez da oztopo gaindiezin bat izan eta Jaurlaritzak lortu du PPrekin eta Elkarrekin Podemosekin neurri batzuk adostea. EH Bildu kanpoan geratu da: «Akordioak egon dira, bai, baina ez akordioa, egungo egoerak eskatzen duen herri mailako akordioa», azpimarratu du Iker Casanova bozeramaileak.

Urkulluk aurkeztutako planak 43 neurri jasotzen ditu, ekonomikoak eta sozialak. Aurrera atera dira denak, gobernuko kide diren EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dutelako legebiltzarrean. Oposizioak, berriz, neurri horietako batzuk babestu ditu, egokitzat jo dituelako edo erantzukizunagatik, eta Jaurlaritzak, halaber, bere egin ditu Elkarrekin Podemosen bederatzi proposamen eta PPren beste bederatzi. EH Bildurekin ere aritu da negoziatzen, eta hiru neurri adostu zituztela zabaldu dute koalizioaren iturriek, baina, azkenean, Casanovak bere hitzartzean eginiko kritika batzuengatik ez dituztela babestu. Astearteko gobernu kontseiluak onartuko ditu neurri denak eta orduan jakingo da guztira zenbateko kostua duten.

Urkulluk aurkeztutako plana 190 milioikoa da, eta bi ardatzetan oinarritzen da. Erreskate sozialeko funtsa deiturikoak 15 milioi euroko zuzkidura izango du; hor biltzen dira pertsona kalteberenentzako gizarte laguntzak -gizarte larrialdietarako eta pobrezia energetikoa arintzeko edo etxerik gabeko pertsonak gizarteratzeko, adibidez- eta Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko laguntzak. Erreskate ekonomikorako funtsak, berriz, 143 milioi izango ditu. Besteak beste, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntzak handituko dira beste 63 milioi eurorekin, 60 milioi gehiago jarriko dira lehen sektoreko enpresentzat, merkataritza sektorearentzat beste 20 milioi, eta indarrean dauden likidezia neurrietarako beste 40 milioi.

Funtsean, oposizioak Urkulluri eskatu dio «laguntza ekonomikoen adabakiak» alde batera uzteko eta «erreforma sakonetan» hasteko. Gogoratu diote aldaketa horiek egiteko iazko aurrekontuen soberakina duela, 1.800 milioi euro, baina salatu dute kopuru horren %10 baizik ez duela erabiltzen bere planean.

EH Bilduk hiru ardatzetan bildu ditu bere proposamen nagusiak. Energiaren alorrean, azpimarratu du eskumenak-eskumen Jaurlaritzak aukera baduela sektore energetikoan «gehiago esku hartzeko». Bestetik, soldatak inflaziotik babesteko neurriak eskatu ditu, eta, horren harira, errenta paktu bat proposatu du, Madrilen Espainiako eragile ekonomikoak negoziatzen hasi diren modukoa baina euskal eragileen artekoa. Eta, hirugarrenik, aberastasunaren birbanaketa «erradikala» galdegin du, fiskalitate «progresiboago eta bidezkoago» batean oinarrituta.

Elkarrekin Podemosek ere hiru ardatz horiek erabili ditu. Energiaren alorrean eskatu du krisian gehien aberasten ari diren enpresei zergak igotzeko. EH Bilduk bezala, errenten itun bat galdegin du, eta fiskalitate progresiboago bat. PP Ciudadanosek, berriz, zerga batzuk berrikusteko eta gehienak jaisteko eskatu du. «Egiturazko» eskaera horietan ez dute adostasunik lortu, eta Jaurlaritzak ez ditu bere egin, baina bai diru laguntza zehatz batzuk gehitzeko eta zabaltzeko eta errefuxiatuen alorrarekin zein trantsizio energetikoarekin loturiko konpromiso batzuk.

Urkulluk bere hitzartzea azpimarratu du ez dela egokia aurrekontuetatik gastatu gabe geratu den dirua kolpe batean erabiltzea, «ez delako arduratsua», eta garbi utzi du zorra kitatzea ere izango dela soberakinaren helburuetako bat. Egoerak okerrera egin duela onartu du, baina gogoratu du hazkunde aurreikuspenak apaldu diren arren (%6,7tik %4,5era), EAEko indikatzaile nagusiak positiboak direla, eta Ukrainako egoerak zenbat iraungo duen ez dakiela aitortuta ere, ez dagoela zertan erabili «krisi» hitza.

«Errezeta magikorik» ez

Talde parlamentarioen proposamenen inguruan, berriz, esan du neurririk egokiena hazkunde ekonomikoa eta enplegua bermatzea dela. Zerga erreformaz, «zuhurtzia» eskatu du, eta gauza bera soldaten igoeraz. Adierazi du enplegua dela «ondasunik preziatuena», eta «aldebakarreko erabakiek» arriskuan jar dezaketela hori, errenta itunei erreferentzia eginez. «Jaurlaritza akordio horien lagungarri izan daiteke, baina ezin ditu ordezkatu negoziazioaren eragile nagusiak».

Aurrera begira, mezu baikorrak eman ditu. Adierazi du «kudeaketa zorrotz bati esker» euskal erakundeek erakutsi dutela halako egoerei aurre egiteko «kemena» badutela. «Gure eredu propio eta orekatuak funtzionatzen du». Onartu du, halere, 200 milioi euroko funts horrekin ez direla «errezeta magikorik» eskainiko, ezta «utopiarik eta eredu-paradisurik» ere, eta ohartarazi du gerraren ondorioak «herritar guztiei, enpresei eta kontu publikoei» eragingo dietela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.