FEMINISMOA

Hamabost hilabeteko espetxealdi eskaera, M-8ko protestetan parte hartzeagatik

Ainhoa Larunbek epailearen aurrean deklaratu du gaur Iruñean: «agintearen aurkako atentatua» egozten diote. «Mugimendu feministaren aurkako jazarpena» salatu dute kolektiboek

Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 8a
14:13
Entzun

Txalo, besarkada eta malko artean. Horrela iritsi da Ainhoa Larunbe iruindarra Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira. «Gora borroka feminista!», «borroka da bide bakarra!», «feminismoa ez da delitua!» eta antzeko leloak oihukatu dituzte epaitegi aurrean bildu diren dozenaka lagunek, akusatuari babesa adierazteko. Hunkituta erantzun du Larunbek, ukabila altxatuz eta bertaratutakoei eskerrak emanez, auzitegira sartu aurretik. Senideek, lagunek eta mugimendu feministako kideek lagunduta zeharkatu du eraikineko atea. Ahizpek lagunduta.

Iazko Martxoaren 8an mugimendu feministak Nafarroako Parlamentuaren parean eginiko protesta bati loturik, fiskaltzak hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, agintaritzaren aurkako atentatua egotzita, foruzain bat ostikadaz jo zuelakoan. Larunbek hasieratik ukatu du hori egin izana. Egun hartako irudietan ere argi ikus daiteke Foruzaingoaren oldarraldi baten ondorioz hasi zirela istiluak: agente batek besotik heldu zion akusatuari, eta, pankartarekin estropezu eginda, lurrera joan ziren biak. Mugimendu feministak salatu du lurrera eroritako foruzainak berak ukatu egin zuela Larunbek eraso egin ziola, epaiketaren aurretik eginiko saioan. Fiskaltzak, hala ere, hasierako akusazioari eta zigor eskaerari eutsi die.

Iragan otsailean, Larunberi elkarrizketa egin zion Nafarroako Hitza-k auziaren inguruan:

Ikusi gehiago:«Amorrua sentitzen dut, eta ezintasuna; ez da justiziarik egon»>>

Mugimendu feministaren erantzuna

Epaiketa, Larunberen aurkakoa ez ezik, «mugimendu feminista osoaren aurkakoa» dela azpimarratu dute Nafarroako elkarte feministetako ordezkariek auzitegiaren parean eginiko elkarretaratzean. «Argia da bidali nahi duten mezua: desmobilizazioa eta beldurra. Prozesu honi segida ematea da mugimendu feministari eraso egitea. Kriminalizatu nahi gaituzte deserosoak garelako, kalean jarraitzen dugulako, hazten ari garelako eta gure diskurtsoa aurrera doalako; egunetik egunera gero eta gehiagok dakitelako bizitza duina ez dela posible sistema honen pean [...]. Hala erakutsi dugu berriz ere aurtengo M-8an, mobilizazio masibo batean kalera irtenda, gaur salatzen ari garen osasun krisiak, desmobilizazioak eta errepresioak ez dutelako borroka eta militantzia feminista bukatuko».

Feministek «babesa, maitasuna eta indarra» helarazi dizkiote akusatuari: «Argi dugu justizia ez dela kasu hau kalifikatzeko hitz egokia, beste behin ere argi geratu baita guk, feministok, bagenekiena eta salatzen genuena: soilik zapaltzen, zigortzen eta biktimizatzen gaituen injustizia baten falazia eta matxismoa dela hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.