Vila-real 1-1 Athletic

Puntu bat urratu dute zuri-gorriek

Athleticek aukera asko eta garbiak sartu ditu gol bat baino gehiago sartzeko. Hala ere, neurketa galtzeko arriskuan egon da. Europarako lehian segitzen du.

haritz gallastegi
2022ko apirilaren 9a
22:11
Entzun

Athleticek puntu bat irabazi du Zeramikaren zelaian, Vila-realen aurka bana berdindu ostea. Puntu horri eskerrak zazpigarren postua eskuratzeko lehian jarraitzen du. Vila-realek baino puntu bat gutxiago dauka, baina sasoi amaieran berdinduta amaituz gero, bi taldeen arteko partidetako emaitzek Athletic jarriko lukete aurretik. Hau da Madrigalen jokatu den norgehiagokak utzitako ondorio nagusia. Betisek Espainiako Kopako finala irabazten badu datorren sasoian Europan lehiatzeko aukera izan dezakeela, alegia.

Irabazitako puntuak ekarri dituen ondorioak alde batera utzita, Athleticen joko maila ona dela berretsi da. Zuri-gorriak hazi egin dira. Sasoia guztian zehar izan dira lehiakorrak, baina txapelketaren bigarren zatian aurrerapausoa eman dute erasoko jokoan. Talde zuzen eta azkarra da. Hiruzpalau pase nahikoa ditu aurkariaren arean arriskua sortzeko. Askotan eta argitasunez iristeko gai dela erakutsi du Madrigalen. Baina, lehiaketako talde onenei aurre egiteko azken urratsa falta zaio. Ate aurrean eraginkorragoa izatea. Eta, arlo horretan, gabezia handiak ditu. Sarri barkatu egiten du eta ondoren ordaindu. Aurkariek ere jokatzen baitute. Gaur ikusi da.

Bana amaitu da partida. Baina gol gehiago sartzeko eman du neurketak. Athleticek abagune gehiago eta garbiagoak sortu ditu, baina Unai Emeryren taldeak ere izan ditu bereak eta bat asmatu izan balu irabazi egingo luke. Ez da horrela izan. Athleticek hiru aldaketa egin ditu hamaikakoan: Yeray, Balentziaga eta Raul Garcia izan dira berritasunak. Azken biak protagonista izan dira, gainera. Balentziaga Chukwueze zaintzeko zelairatu du entrenatzaileak, eta bikain bete du bere lana. Raul Garciak, berriz, zuri-gorrien gol bakarra sartu du. Horretarako dago, besteak beste.

Vila-realen Emeryk atseden eman die Txapeldunen Ligako partida jokatu zuten futbolari guztiei. Hala ere, lehen ordu erdian nagusi izan da. Baloiaren jabetzari esker atzean sartu du Athletic. Baina ez da kapaz izan aukera garbirik sortzeko. Neurketa hasierako estutasunak pasata, lehen zatiaren azken txanpan, jokoaren ekimena eta aukerak Athleticek izan ditu. Lau aukera zein baino zen garbiagoak izan ditu gola egiteko baina bakarra asmatzearekin konformatu behar izan du. lehen abagunea De Marcosek izan du buruz taldeak eskuin hegaletik jositako jokaldi eder baten ostean. Indar gabeko errematea erraz gelditu du Asenjok; Bigarrena IƱaki Williamsek izan du baina ezker hegaletik berak sortutako jokaldiari amaiera eskasa eman dio aurkariaren gorputzera jaurtita; Hirugarrena, Del Cerro Grandek adierazi barik utzi duen penalti argia izan da. Aurierrek ezker besoarekin jo du Muniainen jaurtiketa baina epaileak ez du eskurik ikusi. Bada, laugarrenean iritsi da Raul Garciaren gola. Muniainek atezainari iskin egin ostean, bultza egiteko utzi dio kapitainak taldekideari.

Bigarren zatia ere ondo hasi da. Athleticek kontrolpean izan du lehia baina etxekoek kalitatea daukate eta ezker hegaletik egindako jokaldi on bat Pedrazak bidali du sareetara jaurtiketa gurutzatu on bati esker. Emeryk taldeko izarrak zelairatzeko baliatu du banakoa eta Danjumak izan du bigarrena egiteko aukera. Azken ordu erdian parekatu egin da lehia eta Nico Williamsen ezkerkada bat izan da aukera garbiena. Asenjok oinarekin gelditu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.