Le Penek jaso du babesik handiena Korsikan

Eskuin muturreko hautagaiak botoen %28,58 bildu ditu; haren atzetik daude Macron (%18,11) eta Melenchon (%13,37). Parte hartzea %62,76koa izan da, duela bost urte baino bi puntu txikiagoa; alderdi independentistek boikotera deitu zuten.

Marine Le Pen eskuin muturrekoa, gaurko emaitzak ospatzen, Parisen. IAN LANGSDON / EFE
ander perez zala
2022ko apirilaren 10a
23:11
Entzun

Frantziako presidentetzarako bozetan ohi den modura, Korsikan hautagai eskuindar edo ultraeskuindar batek jaso du babesik handiena. Eta, 2017an bezala, aurten ere Marine Le Pen da garailea, botoen %28,58 jasota. Haren atzetik daude Emmanuel Macron estatuburua (%18,11) eta Jean-Luc Melenchon ezkertiarra (%13,37).

Korsikan testuinguru berezian egin dituzte Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeak. Koronabirusaren pandemiaz eta Errusiaren Ukrainako gerraz gain, Yvan Colonna militante independentistaren heriotzak, kaleko liskarrek eta uhartearen estatusari buruzko negoziazioen aipamenak protagonismo handia izan dute azken hilabetean.

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak oroitarazi zuenez, autonomiaz hitz egiteko baldintzetako bat Macronek berriz irabaztea da, eta, horren harira, Korsikako mugimendu nazionalistako autonomistek garrantzi handia eman diote gaurko hitzorduari.

Gilles Simeoni irlako gobernuburuak eta Jean-Christophe Angelini PNC Korsikako Nazioaren Alderdiko buruak botoa eman dute; Core in Fronte eta Corsica Libera independentistek, aldiz, ez, bozak boikotatzera deitu baitzuten. Korsikan parte hartzea %62,76koa izan da; duela bost urte %64,02koa izan zen, hau da, bi puntu handiagoa.

Hiri garrantzitsuenetan ere islatu dira uharteko emaitzen ordena. Aiacciu hiriburuan, Le Penek botoen %30,56 jaso ditu, eta Macronek, %18,99; Bastian, berriz, eskuin muturrekoak bozen %29,30 bildu ditu, eta Frantziako presidenteak, %17,51. Eta bitxikeria bat: Marignana herrian «Yvan Colonna» boto paperak jaso du babesik handiena.

Kaledonia Berrian, abstentzioa garaile

Kaledonia Berrian, abstentzioa izan da Frantziako presidentetzarako bozen lehen itzuliko protagonista eztabaidaezina. Uhartediko herritarrek interes gutxi dutela erakutsi dute, eta soilik horien %33,35 joan dira botoa ematera.

Hautagaiei dagokienez, Macronek jaso du babesik handiena, botoen %40,51 bilduta; haren atzetik daude Le Pen, boto paperen %18,83 jasota, eta Melenchon, %13,77rekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.