Mendebaldeko Sahara

Marokok bi saharar hil ditu zerbitzugune bati drone batekin eraso eginda

Mendebaldeko Sahara eta Mauritania artean dagoen zerbitzugune bati egin dio eraso, misil batekin. Bi hildakoez gain, hainbat zauritu eta desagertu daude, ECSaharaui atariaren arabera.

Erasoan kaltetutako kamioiak. ECSAHARAUI
jon ordonez garmendia
2022ko apirilaren 11
10:28
Entzun

Marokok drone militar batekin eraso egin du Mendebaldeko Sahararen eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen zerbitzugune batean, Ain Ben Tili herrian, eta emakume saharar bat eta 20 urteko haren semea hil ditu erasoan. Biak ibilgailu batean zeudela, Marokok drone batetik bota duen misil batek jo ditu. Erasoan hainbat lagun zauritu dira. Mauritaniak emakumearen heriotza baieztatu du, eta hainbat desagerturen berri eman du: horien artean, emakumearen semea. Bonbardaketa izan den tokian erreskate lanetan jarraitzen dute.

20 urte zituen semeak, eta Ahmed Mohamed Omar zuen izena. «Maroko gizateriaren aurkako krimenak ari da egiten inpunitate osoz», salatu du ECSaharaui atariak. Iturri horren arabera, hamabi dira Marokok drone militarrak erabiliz Sahara iparraldean egin dituen bonbardaketak. Bi hildakoez gain, hamar bat dira desagertutakoak, horren arabera.

Ikusi gehiago:Fronte Polisarioak harremanak eten ditu Espainiako Gobernuarekin

SPS Saharako albiste agentziaren arabera, «basatia» izan da erasoa, «sahararren eta aljeriarren kontrakoa». ECSaharauik jakinarazi duenez, zerbitzugune hori Mendebaldeko Sahara eta Mauritania artean bidaiatzen dutenek eta merkatariek erabiltzen dute. Hainbat kanpadenda, ibilgailu eta ur biltegi eta bi kamioi txikitu ditu erasoak; kamioietako bat Aljeriakoa da.

2020ko azaroan gerra berpiztu zenetik lehen aldia da Marokok inguru horretan zibilei erasotzen diela. Hamabi erasoetako bat Mauritaniak mugan duen base militar batetik kilometro batera egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.