Korsika

Alessandri eta Ferrandi Korsikara hurbildu dituzte

Bi presoak U Borguko presondegira eraman dituzte. Baldintzapean aske geratzeko eskariak eginak dituzte, eta datozen asteetan erabakiko dute horien inguruan.

Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi preso korsikarrak, artxiboko irudi batean. ALTA FREQUENZA
ander perez zala
2022ko apirilaren 11
11:31
Entzun

Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi militante nazionalistak Korsikara hurbildu dituzte gaur eguerdian. Presoak U Borguko presondegira lekualdatu dituzte, uhartearen ipar-ekialdera.

Yvan Colonnaren kontrako erasoaren ondoren —gerora hil zen— sorturiko testuinguruak erabakiak hartzera behartu zuen Frantziako Gobernua, eta, egoera baretze aldera, Jean Castex Frantziako lehen ministroak DPS bereziki zainduriko presoen estatusa kendu zien bi preso horiei, iragan martxoaren 11n.

Estatus hori gabe, Alessandrik eta Ferrandik Korsikara hurbiltzeko eskaria egin ahal izan dute, eta hala gertatu da. Haien abokatuekin beharrezko kontsultak egin ostean hartu zuten erabakia, eta baiezkoa jaso zuten.

Gainera, biek ala biek 2017tik eskatu ahal dute baldintzapean aske geratzea, baina orain arte ezezkoa jaso izan dute DPS estatusa izateagatik. Orain, baina, egoera aldatu egin da, eta biek ala biek egin dute berriz horretarako eskaria; Ferrandiren kasuaren erabakia hilaren 21n jakinaraziko dute, eta Alessandrizena, maiatzaren 12an.

Bi militante nazionalistak 1999an atxilotu zituzten, eta 2003an bizi guztiko zigorra ezarri zieten, Claude Erignac prefetaren heriotzarekin zerikusia izan zutelakoan. Harrezkeroztik, Frantzian betetzen ari ziren kartzelaldia, Paris inguruan, Poissyko espetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.