Etxebizitza

ELAren iritziz, «arazo larria» da etxebizitzarena, «gobernuen agendan ez dagoen arren»

Kanpaina bat jarriko dute abian arazoa gizarteratzeko eta eragile sozialekin aliantzak egiteko.

Mitxel Lakuntza berbetan, ELAren agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko apirilaren 11
12:21
Entzun

ELAren Ikerketa Bulegoak Etxebizitzaren arazoa Hego Euskal Herrian: diagnostikoak eta alternatibak izeneko txostena plazaratu du, etxebizitzaren auzia zertan den azaltzeko, eta kanpaina bat jarriko dute abian txostenean agertzen diren ondorioak gizarteratu eta alor horretan lan egiten duten eragile sozialekin elkarlanean aritzeko. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak esan duenez, etxebizitzarena «arazo larria» da, «gobernuen agendan ez dagoen arren».

Ikerketa Bulegoko kide Aitor Murgiak eman du egoeraren berri. Esan duenez, Hego Euskal Herrian alokairuan zein salgai eskaintzen den etxebizitza garestia da: alokairuaren batez besteko errenta mila eurotik gorakoa da, eta salerosketako etxebizitzaren prezioa 3.000 eurotik gorakoa metro koadroko. Hala ere, badaude hutsik dauden etxebizitzak, 80.000 baino gehiago Hego Euskal Herrian. Kaleratzeek ere ez dute etenik izan: 2013tik 12.500 inguru izan dira.

Turistifikazioa ere aztertu dute txostenean. Murgiak esan duenez, enpresa eta funts handiek etxeak eskuratzen dituzte gero turistentzako merkatuan eskaintzeko, eta horrek alokairuen prezioa igoarazi eta gentrifikazioa bultzatzen du, herritarrei euren auzoan bizi ahal izatea galarazten baitie.

Murgiak gogorarazi du gizartean dauden beste arrakala batzuek isla dutela etxebizitzaren arloan ere: emakumeek arazoaren ondorio are larriagoak pairatzen dituzte, gazteak emantzipatzeko aukerarik gabe lotzen dira, eta migratzaileek eta pertsona arrazializatuek arazo handiagoak dituzte etxebizitza topatzeko.

ELAren Gizarte Ekintzako arduradun Leire Gallegok azaldu ditu arazo horien inguruan sindikatuak proposatzen dituen irtenbideak: etxe eskubidea legez bermatzea prestazio batekin ordezkatu gabe, alokairua bultzatzea jabetzan oinarritutako ereduaren ordez, alokairuen prezioak mugatzea, hutsik dauden etxeen gaineko kanonak zorroztea, etxegabetzeak geldiaraztea, turismoko etxebizitzak mugatu eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPG barne produktu gordinaren %2ra igotzea.

Lakuntzak azaldu du ELAk prekarizazioaz hitz egiten duenean lan prekaritateaz ez ezik prekarietate sozialaz ere ari dela, eta sindikatu baten betebeharra «oinarrizko eskubideen alde borrokatzea» dela. Horregatik erabaki dute etxebizitzaren inguruko kanpainari ekitea: «Etxebizitzarena espekulazioan oinarritutako politika bat izan da; eskaeraren eta eskaintzaren aitzakiapean, espekulazioari ez zaio mugarik jarri», esan du, eta erantsi du «erakunde publikoen inbertsio eskasa» dela etxebizitza arloko politiken beste ezaugarri nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.