ETXEBIZITZA

Etxebizitza eskubidea aldarrikatu du LABek, Nafarroako lege proposamena «motz» gelditzen delakoan

Bost puntuko eskaera bat egin dio Nafarroako Gobernuari, besteak beste, espekulazioa gelditzeko, alokairu sozial arautua lehenesteko, eta kaleratzeak gelditzeko.

LAB sindikatuko kideak, gaur, Nafarroako Gobernuaren aurrean. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 12a
13:45
Entzun

Etxebizitza eskubide subjektibo gisa aitortzea; espekulazioa gelditzea, alokairu sozial arautua lehenetsita; neurriak hartzea alokairu edo hipotekaren gastuak ez daitezen izan diru sarreren %30 baino gehiago; etxebizitza parke publikoa handitzea, putre funts eta jabego handiak desjabetuz; eta etxegabetzeak gelditzea. Bost aldarrikapen egin ditu gaur LAB sindikatuak, Abiatu izeneko egitasmoaren aurkezpenean. Iruñean egin dute agerraldia, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, egun mahai gainean direnak baino «asmo handiagoko neurriak» eskatzeko.

Sindikatuaren esanetan, etxebizitza eskubide subjektiboa bermatzea ezinbestekoa da «langileen oinarrizko bizi baldintzak duintzeko», baina salatu dute gaur-gaurkoz eskubide hori «merkantilizatu» egin dela eta espekulaziorako erabiltzen dela. Hain zuzen, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko lege proposamen bat tramitatzen ari dira Nafarroako Parlamentuan, baina proposamen hori «motz» geldituko dela uste dute sindikatuko kideek: «Ez dio erantzuten etxebizitzarekin dugun arazoa errotik aldatzeko asmoari. Nafarroako Gobernuak etxebizitza eskubidea onartzen badu ere, ezin du bermatu, eta politika asistentzialista hutsak garatzera mugatzen da».

Alokairu babestua sustatzeko neurri eraginkorragoak ere galdegin ditu sindikatuak: «Alokairu babestua eskatzen duten pertsona gehienak (%74) alokairu librean bizi dira. ISA neurgailua edota alokairuen erregistroa sortzea urratsak izan daitezke, baina ez dira inondik inora ere nahikoak. Besteak beste, ISAn ezartzen diren irizpideek oraindik ere ez dutelako aintzat hartzen Europako eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ezarritako gehienezko diru sarreren %30eko neurgailua».

Administrazioak, bestalde, putre funts eta jabego handien desjabetzea erraztu beharko lukeela uste dute sindikatuko ordezkariek, baina azpimarratu dute «erabilerarik gabeko etxeak gurean, oraindik orain, gehiegi» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.