'Kote Cabezudo auzia'

Akusazioek eskatu dute Cabezudok preso jarraitzeko

Defentsak esan du argazkilariak harreman «baimendua» izan zuela beti modeloekin, eta erabateko «kolaborazioa» izan zutela beti argazkilariarekin.

Kote Cabezudo epaitegira iristen, astelehenean. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2022ko apirilaren 13a
13:24
Entzun

Amaitu da Kote Cabezudoren kontrako epaiketa. Defentsak hartu du gaur hitza. «Errespetua» erakutsi nahi izan die biktimei akusatuaren abokatuak, haien «ondoeza» aitortu du, baina gero guztiz bideratu ditu argudioak argazkilariaren jarduna zuritzera. Akusatuak biktima guztiekin zuen portaeraren atzean «patroi» bera zegoela defendatu dute egunotan fiskalak eta akusazio partikularrak, eta justu kontrakoa adierazi du defentsak. Kasu bakoitza «espezifikoa» dela argudiatu du. «Kasu zehatzetara jo behar da, banaka-banaka». Cabezudo aske uzteko eskatu du defentsak, baina eskaera atzera bota du epaimahaiak, eta esan du horri erantzuteko auto bat aterako duela aurrerago.

Gaurko saioa amaitu ostean landu duten beste gai bat izan da akusatua espetxeratzearena. Lau urte beteko ditu maiatzaren 4an kartzelan, eta ez dago argi zer egoeratan geratuko den. Behin-behineko espetxeratzeko lau urteak betetzear ditu, baina ezarria duen beste zigor baten harira bi urte eta hiru hilabete espetxean egin dituela aintzat hartzeko eskatu du fiskalak, eta, horiek horrela, oraindik ere behin-behineko kartzelaldia «luzatzeko». Fiskalak adierazi du «atzeman ez diren» argazki batzuk badituela akusatuak, eta kartzelatik ateratzen bada «arrisku» handia dagoela berriz modeloen argazkiak argitara ateratzeko. Akusazio partikularrak ere berretsi du «hondamendia» litzatekeela Cabezudo kalera irtetea: «Material hori hor dago, eta azkenean atera egingo da».

Defentsak azken ondorioetan gogoratu du argazkilaria lanean hasia zela 1980ko hamarraldirako. Nabarmendu du ofizioz beti izan dela dentista, baina sona eta onespena jada bazituela ordurako argazkilari gisara. Beraz, auzibide honi neurria hartzeko «denboraren» aldagaiari erreparatu behar zaiola uste du. «Abanikoa oso zabala da: ia 30 urte dira». Batetik, hamarraldiotan bilakaera handia izan dutelako teknologia berriek, eta argazkilariaren lanek sarean izan duten hedatzea eta erabilera izan delako auzibide honen ardatzetako bat. Hain justu, horretan argazkilaria «aitzindaria» izan zela onartu du, baina gero mundu horrek izango zuen bilakaera ezin zela «imajinatu» ere egin aldi hartan. «Argazkiak egiten hasi zenean, Internet oraindik proiektu bat zen», adierazi du abokatuak. Eta beste «aldagai bat» ere nabarmendu du: «Garai hartako errealitate soziala». Eta horren araberako begiradak, ikuskerak. «Ez da gauza bera 1980ko edo 1990eko hamarraldietako morala, eta oraingoa», azaldu du. «Eta zer ikusi dugu urteotan? Ez dakit onerako edo txarrerako den, baina biluziaren eta pertsona adindu eta adingabeek hor izaten duten parte hartzearen inguruan» begirada aldatu dela esan du. Hamarraldiotan zigor kodean ere aldaketak izan direla gogoratu du, eta moldaketa horietan aldaketa horiek eragina izan dutela.

Begirada aldatu da

Akusatuaren kontrako salaketa jarri duten emakume askoren begirada ere orain aldatu egin dela nabarmendu du, eta haien gurasoen jarrera ere ezin dela oraingo begiekin epaitu. «Neska hauen gurasoak oso pozik zeuden, baimena ematen zuten, eta inoiz ez zen arazorik egoten. Gaur egun hori aldatu egin da». Izan ere, argudiatu du auzibidean argazkilariaren irudirik «ilunenak» erakutsi direla. «Baina argitaratuta dauden beste hainbat argazki ez dira erakutsi». Areago, haien «balio artistikoa» ez da nabarmendu. Eta argazkilariaren lanetan «gustu oso oneko» argazkiak badirela adierazi du. «Eta ez dira lapurtutako argazkiak», nabarmendu du: «Estudio batean egindako argazkiak dira». Modeloen «kolaboraziorik» gabe ezingo liratekeela egin uste du. Horiek horrela, irudi «guztiz baimenduak» direla esan du, eta idatziz jasota dagoela hori dena. «Kontratu horiek hor daude».

Fiskalari eta akusazio partikularrari egotzi die «orokorkerietan» galtzea: «Errazkeriatan». Cabezudoren estudioa «toki ilun, giltzapeko baten gisan» aurkeztu dela esan du. Zituen bi estudioak, ordea, «guztiz egokiak» zirela azaldu du. «Zerbait beldurgarria aurkeztu nahi izan da, eta kontrakoa da». Modeloek argazkilaria «bilatzen» zutela adierazi du, eta horretarako motiboak zituztela. Argazkilariaren hainbat erretratatu erakutsi ditu, goraipamen hitzekin. «Eder-ederrak dira!... Eta artistikoak».

Onartu du pixkanaka «erotismora» ere egin zuela. Eta «lan pornografikoak» ere egin zituela. Baina esan du horretara ez zuela inor behartu. «Denok dakigu neska normal batek badakiela zer egin bere gorputzarekin». Nabarmendu egin du, ordea, Cabezudoren kontrako salaketak jarri dituzten andreek aurrez buruko arazoak-eta zituztela, eta horiekin lotu nahi izan du orain adierazi duten «ondoeza». Gainera, modelo askok argazkilariarekin harreman luzeak izan zituztela esan du, behin eta berriz harekin argazkiak egitea erabakitzen zutela, eta «arrazoiaren» kontrakoa dela pentsatzea hori abusu giro batean gerta zitekeela. Areago, askotan emakumeok beren gertuko pertsonak ere argazkilariarekin argazkiak egitera «animatzen» zituztela esan du. «Zeure ahizpa adingabea daramazu? Bada, ez zen zerbait hain beldurgarria gertatuko. Ez zen horrelako munstroa ere izango».

Onartu du ikusi direla epaiketan irudi gogorrak, eta denak ez zaizkiola «gustatzen», baina uste du horien atzean ez dagoela Cabezudoren portaera okerrik. «Saio horietan denetik gertatuko zen, baina dena baimendua izan zen», adierazi du. «Eta mundu guztiak bazekien nahi zuenik ez zela gertatuko». Horiek horrela, salaketen funtsa indargabetzen ahalegindu da. «Non dago hemen arazoa? Ez sinestekoa iruditzen zaigu».

Adingabeekin pornografia egitea egotzi diote, besteak beste, Cabezudori, baina delitu hori ere zuritzen saiatu da abokatua: neskek jada emakume gorputza zutela argudiatu du.«Nerabeak ziren, fisikoki garatuak». Eta argazkiak egiteko aparteko irrika zutela. «Gogo handia zuten beren edertasuna erabiliz arrakasta izateko». Adingabeei biluzik egindako argazki oro haurrekin egindako pornografia dela argudiatzea ere ikuspegi oso «erredukzionista» dela kritikatu du.

Argazkiak sarean

Onartu du sarean «kontrolik gabe» daudela sarean argazkilariak modeloei egindako irudi asko, baina horretan ere akusatuak errurik ez duela adierazi du. «Erretiratzen» saiatu dela, baina ez duela lortu. Esan du irudien zabalkunde horren guztiaren atzean ez dela bera egon, eta «etekinik» ez duela atera inoiz hortik. «Cabezudo horren guztiaren biktima izan da», adierazi du: «Ez dago frogarik esateko dirurik lortu duenik ere inoiz hortik». Hura kartzelan egon denean ere irudi horiek ugari hedatu direla adierazi du, ezin dela jakin nor dagoen horren atzean, eta ez duela konponbiderik. «Irudi gehienak hor daude, betiko, eta ezingo dira erretiratu».

Deliturik ez du ikusten, beraz, defentsak. «Erasoak? Iruzurrak? Intimitatearen kontrako delituak?... Horrelakorik ez da egon». Areago nabarmendu du akusatuak harreman «bikaina» izan duela beti modeloekin, oso gertukoa kasu askotan. Epaiketan hainbat modelok argazkilariaren «profesionaltasuna» ere goratu dutela esan du, eta «lohitu» egin nahi dela orain hori guztia. «Beraz, hemen bada zerbait bat ez datorrena». Iradoki du gura zuten arrakasta profesionala ez zutela lortu orain Cabezudoren kontra egin duten hainbat andrek, eta hori dagoela haien jokaeraren atzean: «Fama eta diru bila zebiltzan».

Akusatuak berak ere hartu du hitza. Auzibidearen atzean bere kontrako «konplot» bat dagoela esan du. Adierazi du «baimendutako» deus ez duela egin inoiz salaketa jarri duten andreen kontra. Haiekin izandako erlazioa eztitzen saiatu da. «Irri asko egin dugu elkarrekin, istorio asko kontatu dizkiogu elkarri». Beti argazki «artistikoak» egin dituela defendatu du, tankerako artista esanguratsuak ere jarraitu dituela, eta haiek ere biluzik argazkiak egin zizkietela adingabeei, berak hainbatetan egin zuen eran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.