Euskara

Kontseiluak, ELAk eta LABek salatu dute instituzioek ez dutela babestu enpresetan euskara planak sustatzea

«Ulergaitza» iruditzen zaie alderdi politikoek proposamena babesteko adostasunik lortu ez izana, eta adierazi dute «urrats berriak» egingo dituztela euskara planak negoziatzeko.

jarraia212184.jpg
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko apirilaren 13a
13:47
Entzun

Lan eremua euskalduntzeko asmoz, 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negozia ditzaten nahi dute ELAk, LABek eta Kontseiluak. Planak modu «normalizatuan» negoziatzeko orduan, baina, «ezezkoak» jaso dituztela azaldu dute. Besteak beste, salatu dute CEN patronalak ez duela «gutxieneko interesik» agertu euskara planak sustatzeko. Horrekin batera, nabarmendu dute «ulergaitza» iruditzen zaiela alderdi politikoek proposamena babesteko adostasunik lortu ez izana eta instituzioek «inolako babesik eta bultzadarik» adierazi ez izana.

ELAk, LABek eta Kontseiluak 2020ko azaroan aurkeztu zuten akordio proposamena, eta, ordutik, harreman erronda «zabala» egin dute beste sindikatuekin, alderdiekin eta instituzioekin. Confebaskek, baina, otsailean uko egin zion planak negoziatzeari, eta, hiru eragileek adierazi dutenez, hartutako jarrera «ulertezina eta deitoragarria» iruditzen zaie.

Hori horrela, euren jarrerak berrikustera deitu dituzte elkarrizketatu dituzten eragileak; erakutsi duten «borondate eta konpromiso faltarekin» ez dutelako uste euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea posible izango denik. ELAk, LABek eta Kontseiluak adierazi dutenez, euskara planak Hego Euskal Herriko langileen erdiari eragingo lioke, eta enpresan euskararen normalizazio prozesua egituratzeko «urratsa» egiteko aukera emango lieke. Gainera, ohartarazi dute garai «estrategikoa» dela eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko, datozen bi hamarkadetan belaunaldi aldaketa gertatuko baita enpresetan.

Orain arte jasotako ezezkoen aurrean, euskara planak negoziatzeko bidean «urrats berriak» egingo dituztela adierazi dute, eta nabarmendu dute hori lortzeko «bide berriak» aztertzen ari direla. Adierazi dutenez, CCOOrekin eta Adegirekin hitz egindako aukera batzuk lantzen jarraitzeko asmoa dute. Horrez gain, Euskaraldiaren harira, enpresetan egitasmo horretan parte hartzeko «dinamika bateratua» martxan jartzeko aukerak lantzen ari dira, aurrerago enpresa horietan euskara planak sustatzeko. Horrela, lan munduaren euskalduntzean «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin diete eragile «guztiei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.