Gerraren ondorioei aurre egiteko neurri gehiago iragarri ditu Nafarroako Gobernuak

Besteak beste, autonomoei eta enpresa txikietako arduradunei 3.000 eurora arteko kenkari berezi bat ezarriko zaie errenta zergan, eta 3.000 eurora arteko beste kenkari berezi bat miloi bat eurotik beherako fakturazioa duten enpresei sozietate zergan.

Elma Saiz eta Javier Remirez, artxiboko irudi batean, aurrekontuen aurkezpen egunean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2022ko apirilaren 13a
14:04
Entzun

Gaurko kontseiluan, Nafarroako Gobernuak gerraren ondorioei aurre egiteko eta erregaiaren zein argindarraren garestitzearen ondorioak leuntzeko foru dekretua onartu du. Dekretuak zerga arloko hainbat neurri jaso ditu. Nagusia, autonomoentzako zein enpresa txikientzako kenkari berezi bat izango da, eta «18 eta 20 milioi eurora arteko» kostu izango du altxortegi publikoarentzat.

Kontseilu osteko agerraldian, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu du «entzuketa ariketa aktibo baten» emaitza dela dekretua. Azken asteetan hainbat eragilerekin bildu da, eta haien proposamenak aintzat hartu dituztela diote: hala nola CEN enpresaburu elkartea, ATA eta UPTA autonomo elkarteak, garraio sektoreko ANET, Tradisna eta Hiru, eta lehen sektoreko eragileak —Nafarroako EHNE, UAGN eta UCAN elikagai kooperatiben elkartea—.

Behin dekretua onartuta, parlamentuan tramitatu beharko dute. Arlo politikoari begira, Saizek errepikatu du beste taldeak ere entzun dituztela, eta behin gobernuak proposamena eginda parlamentuaren eskuetan geratzen dela haren edukia. Haren irudiko, garrantzitsua da azkar erantzutea, epemuga bat izango duten neurri eraginkorrak hartzea, eta une oro aztertzea zer eragina duten ekonomian, haien baliagarritasuna neurtzeko.

Zerga arloko neurriak

Zerga arloan, kostu energetikoaren garestitzea gehien kaltetutako sektoreen egoera leuntzeko neurriak jaso dira. Batetik, Espainiako Gobernuak ezarritako diru laguntzak ez dira zergapetuko.

Bestetik, errenta zergan autonomoei eta enpresa txikietako arduradunei etekin garbi positiboari %3ko kenkaria ezarriko zaio, 3.000 eurora arteko mugarekin. Sozietate zergan, berriz, milioi bat eurotik behera fakturatzen duten enpresei ere etekin garbi positiboaren gaineko %3ko kenkaria ezarriko zaie, eta, kasu horretan ere, gehienezko kopurua 3.000 euro artekoa izango da. Bi neurriok 18 milioi eta 20 milioi euroko eragina izango dute foru ogasunean, baina 2023an nabarituko da.

Halaber, enpresa eta jarduera horien likidezia hobetzeko beste hainbat aldaketa proposatu dira errenta eta sozietate zergetan. Adibidez, lehen hiruhilekoan BEZaren eta errenta zergaren zatikatutako ordainketen gaineko zorra dutenei atzeratu egingo zaie epea, eta jarduera ekonomikoa dutenek lehen hiruhilekoan ez dute errenta zergaren zatikatutako ordainketarik egin beharko.

Gainera, sozietate zergan ezohiko irabazien gaineko inbertsioak egiteagatik ezarritako salbuespen berezia urtebetez luzatuko da. Neurri horrekin, inbertsioa egitea pentsatu baina egoeraren ondorioz horri aurre egin ezin dutenei lagundu nahi dietela dio gobernuak.

Alokairuen errenta igoerari muga

Alokairuaren errentaren igoera ere mugatu egingo du Nafarroako Gobernuak. Urteko errenta berrikusteko orduan, Madrilgo gobernuak muga berezi bat ezarri du, eta Nafarroan ere muga hori kontuan izango dute babes ofizialeko alokairuetan: gobernuaren arabera, alokairu mota horrek «araudi propioa du», eta neurri horrekin familia zaurgarrienei mesede egingo diela uste dute.

Halaber, energia berriztagarrien instalazioak errazteko baldintzak erraztuko dituzte: 150 MWeko potentzia baino txikiagoko proiektu eolikoei eta 75 MWeko proiektu fotovoltaikoei, betiere ez badaude naturagune babestuetan ezarrita.

Nafarroako Gobernuak gogorarazi du aurretik beste neurri batzuk hartuak dituela. Adibidez, indarrean jarraituko dute argindar ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren etenaldiak eta argindarraren BEZa %21etik %10era jaisteak. Neurri horiek 51 milioi euroko kostua dute.

Gainera, erregai litroko 20 zentimoren laguntzak 390.000 gidariri laguntzen diela azpimarratu du Saizek, eta orotara 47 milioi euro aurreztuko dutela uste du. Gasolindegiek aurreratzen dute dirua, eta gobernuak litroko hamabost zentimo itzultzen dizkie. Gaur-gaurkoz, 9,3 milioi euro itzuli dizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.