OME Osasunaren Mundu ErakundeakCOVID-19aren hedapena nazioarteko osasun larrialdi edo pandemia gisa mantentzea erabaki du. OMEren Larrialdietako Batzordearen gomendioak aintzat harturik hartu du erabakia, Tedros Adhanom OMEren zuzendariak azaldu duenez. Zientzialari independenteek osatutako organoa da, eta hark gomendatu du egun mundu osoan den alerta maila ez aldatzea, birusa oraindik ere «biziki transmititzen» delako, bere bilakaera ezin delako aurreikusi, eta hilkortasunak maila altuari eusten diolako.
Tedrosek adierazi du une honetan lehentasuna izan behar duela txertaketarekin jarraitzeak, tratamenduak garatzeak eta birusari aurre egiteko bestelako baliabideak «modu ekitatiboan» banatzeak. Halaber, azpimarratu du aurrera egin behar dela 65 urtetik gorakoen txertaketan, bereziki Afrikan.
Didier Houssin OMEko Larrialdi Batzordeko presidentearen esanetan, berriz, «ez da erlaxatzeko garaia», ezta diagnostiko probak egiteari uzteko garaia ere. «Okerra da pentsatzea kasu gutxiago egoteak arrisku gutxiago dagoela esan nahi duela. Pozten gara heriotza gutxiago egoteaz, baina erne egon behar dugu oraindik ere», adierazi du Mike Ryan OMEko Osasun Larrialdietako zuzendariak.
Koronabirusa
OMEk nazioarteko osasun larrialdiari eustea erabaki du
Osasunaren Mundu Erakundeak ez du mundu osoan den alerta maila aldatuko. Uste du birusa oraindik ere «biziki transmititzen» dela, bere bilakaera ezin dela aurreikusi eta hilkortasunak maila altuari eusten diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu