Garraioa

Bizkaian kamioientzako bidesariak jartzeko aurreproiektua onartu dute

Aldundiak dio Europako Batzordearen «oniritzia» jaso duela. Batzar Nagusietara igorriko du orain. Egun dohainekoak diren bost errepidetan jarri nahi ditu arkuak.

Lau kamioi elkar gurutzatzen N-240 errepideko Lemoako tartean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 14a
15:39
Entzun

Bizkaiak ere nahi du lurraldean sartzen diren 3,5 tonatik gorako kamioi guztiek errepideak erabiltzeagatik ordain dezatela, eta prest du jada horretarako lege aurreproiektua. Egun dohainekoak diren hainbat errepidetan jarri nahi ditu arkuak: N-240an (Arratia gurutzatzen du), N-636an, N-637an, BI-625ean (Basauritik Arabarantz) eta A-8an, Kantabriarako bidean. Foru gobernuak ez du zehaztu bidesariak noiz egongo diren indarrean, baina, iazko udan aurreratu zuzenez, aurtengo udazkenerako nahiko luke. Aurreproiektua Batzar Nagusietara igorriko du orain.

Neurri horren atzean bi helburu nagusi daude: batetik, trafikoa ahalmen handiko errepideetara bideratzea, ordainpeko autobideetara, alegia; eta, bestetik, kutsatzen duenak ordain dezala. Aldundiaren arabera, bildutako dirua errepideen mantentze lanetarako erabiliko da.

Ostegun honetan eman du erabakiaren berri, komunikabideetara bidalitako ohar batean. Azaldu duenez, aurreproiektuak Europako Batzordearen «oniritzia» jaso du. Ekainean, egitasmoaren aurkezpenean, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek adierazi zuen foru arauak aurrera egiteko ezinbestekoa zela «berme guztiak aplikatzea eta segurtasun juridikoa erabatekoa izatea», errepide horien erabiltzaileen artean «inolako diskriminaziorik ez sortzeko, ez zuzenekorik, ez zeharkakorik», eta ordaindu beharreko tarteak identifikatzean kontrol arkuak jartzeko eta kanonaren zenbatekoak ezartzeko.

Grebaren ostean dator erabakia

Aipatutako «bermeekin» Bizkaiko aldundiak Gipuzkoako katramila saihestu nahi du. Gipuzkoako foru gobernuak kamioientzako ordainsariak ezarri zituen 2018an A-15 eta N-1eko tarte batzuetan. Garraiolari elkarteek, baina, hainbat helegite jarri zituzten, eta auzitegiek aldundia behartu dute sistema aldatzera: orain N-1 eta A-15 autobideetako edozein zati erabiltzeagatik pagatu beharko dute. Sistema berria 2022aren amaieran edo 2023aren hasieran martxa jartzea espero du. Baina kamioilarien elkarteek helegiteak jarri dituzte horren aurka ere. Haien iritzian, «diskriminatzailea» da kamioientzat soilik diren bidesariak jartzea.

Hain justu, bidesaririk ez jartzea izan zen Hego Euskal Herriko kamioilariek aurreko hilabetean egindako grebako aldarrikapen nagusietako bat. Espainiako Gobernuak erregaiak merkatzeko hartutako erabakiaren ondoren eta aldundiekin hitz egin ondoren lanuzteak bertan behera utzi zituzten, baina mobilizazioetara itzultzeko atea zabalik utzi zuten.

Nafarroan, urte amaierarako; Araban, aztertzen

Nafarroako Gobernuak ere kamioientzako ordainsari gehiago ezarriko ditu bost errepidetan: A-1ean, A-10ean, A-15ean, A-68an eta N-121-An. Apurka joango da, baina gobernuak esana du aurrenekoak «urte amaierarako» espero direla. Araban, berriz, aldundiak ponentzia bat sortu du Batzar Nagusietan gaia aztertzeko. Errepideen mantenua nola ordaindu eta Europako legedira nola egokitu eztabaidatzen ari dira. 2026. urtean AP-68aren kontzesioa amaituko da, eta lurraldeko 55 kilometroen ardura hartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.