GERRA UKRAINAN

Errusiak Itsaso Beltzean duen gerraontzi nagusiak kalte larriak izan ditu

Ukrainaren arabera, bere armadak eraso egin dio, eta barruan zeramatzan misilak suntsitu ditu. Mosku ikertzen ari da sutea zerk eragin duen, eta adierazi du ez duela hondatu «misil armategi nagusia».

'Moskva' gerraontzia, artxiboko argazki batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 14a
17:31
Entzun

Sute bat gertatu da Errusiako armadak Itsaso Beltzean duen gerraontzi nagusian, Moskva-n, eta Moskuko iturri ofizialek jakinarazi dute «kalte larriak» eragin dituela. Ukrainako Gobernuaren arabera, beren armadak jaurtitako bi misilek jo dutelako piztu da sutea; horrek barruan zeramatzan misilak suntsitu ditu, eta itsasontzia hondoratzen ari da. Kremlinek adierazi du, ordea, sutea «kontrolpean» dagoela, eta neurriak hartzen ari direla ontzia atoian eraman eta porturatzeko. Nolanahi ere, gertatutakoak eragina izango du Errusiak Ukraina hegoaldean duen gaitasun militarrean.

Goizaldean hasi da sutea. Hasieran, Errusiako berri agentziek iturri ofizialak aipatuz kaleratutako informazioek jaso dute gerraontziko munizioek eztanda egin dutela sute baten ondorioz. Ordu batzuk geroago argitaratutako berrietan zehaztu dute eztandak eten direla, eta sutea zerk eragin duen aztertzen ari direla. Gaineratu dute, Kieven informazioa gezurtatuz, gertatutakoak ez duela hondatu «misil armategi nagusia».

Ukrainaren arabera, erasoa gertatu denean eskifaiako 510 kide zeuden gerraontzi barruan. «Itsaso nahasi honekin, ez dago garbi noiz erreskatatu ahal izango dituzten», azaldu dute Kieveko iturri ofizialek. Moskuren esanetan, baina, armadak Itsaso Beltzean duen ontzidiaren beste ontzi batzuetara eraman dituzte eskifaiako kideak. Arvydas Anusauskas Lituaniako Defentsa ministroak nabarmendu du Turkiak Errusiari lagundu diola eskifaiako kideak ebakuatzen. BBC hedabideak horri buruz galdetu dio Ankarako funtzionario bati, eta ukatu egin du. Anusauskasek esan du, gainera, Turkiak eta Errumaniak ere baieztatu dutela ontzia hondoratu egin dela. Funtzionarioak ez du informazio hori ez baieztatu, ezta gezurtatu ere. Pentagonoko iturri batek Reuters berri agentziari adierazi dionez, uste dute oraindik ez dutela gerraontziko sutea itzali.

Sobietar Batasunaren garaikoa da Moskva ontzia, 1983koa. Gloria izena jarri zioten hasieran, eta 1996tik du oraingoa. Hamasei misil jaurtigailu dauzka, eta Errusiak Sirian egindako esku hartzean parte hartu zuen, 2015etik aurrera.

Errusiaren ohartarazpena

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuen egunetik bertatik ia-ia, Finlandian eta Suedian eztabaidatzen ari dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtu ala ez. Mendebaldeko aliantza militarrak esana du «erraz» sartuko liratekeela, eta, horren guztiaren ondorioz, Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak ohartarazi du Baltikoko herrialdeen inguruan arma nuklearrak hedatuko dituztela bi herrialde horiek aliantzako kide bihurtuz gero. «Orduan ezingo litzateke hitz egin arma nuklearrik gabeko Baltikoaz. Oreka berrezarri beharko litzateke», azpimarratu du, gaur, Telegrameko bere kontuan. Bestalde, uste du ezin dela esan Errusia Ukrainan egiten ari den «operazio bereziak» bultzatu dituenik Finlandia eta Suedia aliantza militarrera gerturatzera. «Batetik, egon izan dira haiek NATOrantz bultzatzeko saiakerak; eta, bestetik, inportanteena dena, herrialde horiekin ez dugu, Ukrainarekin bezala, lurralde gatazkarik».

Finlandia eta Errusia mugakideak dira: bien arteko lurreko mugak 1.300 kilometro ditu. Horri erreparatu dio Medvedevek: «Suedia eta Finlandia NATOn sartuz gero, lurreko muga bikoiztuko litzateke, eta noski, indartu egin beharko litzateke». Horiek horrela, Lituaniako Defentsa ministro Arvydas Anusauskasi «arraroak» egin zaizkio Errusiaren «mehatxuak», eta gogoratu du Kremlinek «beti» pilatu izan dituela armak Kaliningraden, eta hala inguruko herrialdeek nola nazioarteak badakitela hori. Polonia eta Lituania artean Errusiak duen lurraldea da Kaliningrad.

Korridore humanitarioak

Atzo ez bezala, gaur zibilak ebakuatu ahal izateko korridore humanitarioak zabaldu ahal izan dituztela iragarri du Ukrainako Gobernuak. Irina Verextxuk lehen presidenteordeak Telegrameko bere kontuan zehaztu duenez, bederatzi ireki dituzte; gehienak herrialdearen hegoaldean eta ekialdean. Verextxukek berak jakinarazi du Ukrainak presoak trukatu dituela Errusiarekin, joan den otsailaren 24tik —gerra hasi zenetik— laugarren aldiz. 30 pertsona dira; horietatik 22, militarrak.

Eta bi aldeen arteko harremanekin jarraituz, Kremlinek azpimarratu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez diola uko egiten Volodimir Zelenski Ukrainakoarekin batzartzeari, baina horretarako baldintza dela bi agintariek dokumentu bat sinatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.