Interes tasak aurten bertan igo ahal izateko prestamenetan hasi da EBZ

Hirugarren hiruhilekoan amaituko du Europako Banku Zentralak zorra erosteko programa. Hurrengo hilabeteetarako ere inflazio handia aurreikusten du Christine Lagardek, eta Ukrainako gerrarekin orain ziurgabetasuna oso handia dela dio.

Christine Lagarde, EBZko presidentea, artxiboko irudian. RONALD WITTEK / EFE
2022ko apirilaren 14a
19:09
Entzun

«Batek daki zein izango den Ukrainako gerrak gure ekonomietan izango duen eragina eta garapena». Ziurgabetasun horren aurrean, Christine Lagardek ahalik eta aukera gehien nahi ditu zabalik euroaren eremuko diru politikarako. EBZ Europako Banku Zentralarentzat inflazio handia asko luzatzeko arriskua hor dagoelako, baina baitaatzeraldi bat sustatzeko arriskua ere, tasa igoerak gehiegi aurreratuz gero.

Edonola ere, tasak igotzea ahalbidetzeko bidea garbitzen ari da EBZ, eta zor erosketa programaren amaiera aurtengo hirugarren hiruhilekoan iritsiko dela berretsi du. Izan ere, ez luke zentzurik izango programa hori indarrean izan eta aldi berean tasak igotzeak. Bata bukatu behar da, bestearekin hasteko aukera izateko.

Bidea garbi behar du EBZk inflazio handiarengatik. Euroguneko inflazio tasa %7,5era igo da martxoan, banku zentralaren %2 inguruko helburutik oso gora. Eta bankuaren ustez, «inflazioak handia izaten jarraituko du hurrengo hilabeteetan ere, energia kostuengatik». Lagardek gaineratu du epe luzerako inflazio handia aurreikusten duten iragarpenei adi ere badaudela. Hots, prezio igoerak luzatzea oso posible dela.

Baina horrekin batera, kreditua bera estutzen ari dela ere ikusi du EBZk, bankuak gogortzen ari direla maileguak emateko baldintzak. Horregatik egoera gehiago edo gehiegi estutzea ere saihestu beharko luke banku zentralak, hazkunde ekonomikoa kaltetu nahi ez badu.

Malgutasuna

Gauzak horrela, EBZko presidenteak malgutasuna behin eta berriz aipatu du bere hitzartzean. Horren erakusle, bere zehaztapena, «hiruhileko batek hiru hilabete izaten dituela». Hots, zor erosketa zehazki noiz bukatu den ez dagoela ezarrita, ezta horren ostean interes tasen igoera bat noiz iritsi daitekeen ere. «Tarte bat egongo da, baina izan daiteke astebetekoa edo hilabeteetakoa». Lehen filtrazioek diote, dena den, euroaren eremuko interes tasen igoera, 0,25 puntukoa, hirugarren hiruhilekoan bertan iritsiko dela.

Lagarderen arabera, EBZren ekaineko kontseiluak argiago erakutsiko du bidea, ordurako, besteak beste, Ukrainako gerraren inguruko ziurgabetasunak zerbait argitzea espero delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.