Gerra Ukrainan

Bilbora iritsi da Chernobil elkarteko haurrez osatutako lehen autobusa

Guztira, 56 pertsona iritsi dira, horietako 41 adingabeak. Datozen egunetan Txernobyldik autobus gehiago ekartzeko asmoa du elkarteak.

Txernobyildik iritsitako adingabeak eta haien senideak, Bilbon. CHERNOBIL ELKARTEA
2022ko apirilaren 16a
12:56
Entzun

Gaur gauerdian iritsi da Bilbora Chernobil elkartearen harrera programako haur talde bat. Autobusa herenegun irten zen Poloniako Katowice hiritik, azken urteetako udak Euskal Herrian igaro dituzten haurrekin eta haien senitartekoekin. Guztira, 56 pertsona etorri dira Euskal Herrira, horietako 41 adingabeak. Chernobil elkartearen harrera programaren parte diren adingabeez osatutako lehen autobusa izan da. Elkarteak jakinarazi duenez, azken egunetan Errusiako tropak Txernobyldik gertu dauden herrietatik irteteak eta komunikazio batzuk berrezarri izanak bide eman dute hango adingabeak eta haien senideak Euskal Herrira ekarri ahal izateko.

GBGE Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearekin elkarlanean lortu dute adingabeak Ukrainatik ateratzea eta Euskal Herrira ekartzea. Chernobil elkarteak jakinarazi du haien helburua dela adingabeak mugara «modu seguruan» iristea, han arreta ematea eta haiek Euskal Herrira ekartzeko autobusak antolatzea.

Datozen egunetan adingabe gehiago iritsiko dira Euskal Herrira elkartearen harrera programaren bidez. «Errusiaren inbasioak eta Ukrainako gatazka armatuak eragiten duten ziurgabetasunaren ondorioz, hala nahi duten familiek herrialdea utzi eta leku seguru batean egon ahal izateko lan egin behar dugu», adierazi dute elkartekoek. Chernobil Elkartea 1996tik ari da haurrak Euskal Herrira ekartzen. 1986an istripu nuklearrean kaltetutako lekuetan bizi dira guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.