Koronabirusa

Gaurtik ez da derrigorrezkoa toki itxietan maskara erabiltzea

Garraio publikoan eta osasun zentroetan, besteak beste, jarrita eraman behar da oraindik. Madrilek atzo onartu zuen aldaketa ekarri duen dekretua.

arantxa iraola
2022ko apirilaren 19a
10:48
Entzun

Iragarpena egin zuen Espainiako Gobernuak; asmoa zuen Aste Santuaren ostean bertan behera uzteko barrualdean maskara erabiltzeko obligazioa, eta, hain justu ere, ministroen kontseiluak atzo onartu zuen aldaketa ekarriko duen dekretua. Gaur sartu da indarrean, eta, araudi berri hori oinarri, «salbuespen» egoera jakin batzuetan bakarrik erabili behar da maskara, pertsonarik «zaurgarrienak» babesteko. Carolina Darias ministroak aitortu du «maskaren erabilera» izurriaren aurkako neurrietan «sinbolikoenetariko bat» izan dela, eta, horiek horrela, aintzakotzat hartzeko «aurrerako urratsa» dela dekretua. 2020ko maiatzean ezarri zen lehen aldiz maskara erabili beharra, COVID-19ari aurre egiteko ahaleginetan.

Ikusi gehiago: Aldaketa handirik ez, maskara derrigorrezkoa ez den lehen egunean

Agerraldia egin zuen atzo Espainiako Gobernuko eledun Isabel Rodriguezek Osasun ministro Carolina Dariasekin batera, eta biek nabarmendu zuten txertatze kanpainek izan duten erantzun onari esker hartu ahal izan dela, hein handi batean, erabakia. 12 urtetik gorako herritarren %92k txertoaren jarraibide osoa dutela nabarmendu zuen Dariasek, eta pazienteek, oro har, gero eta sintoma arinagoak dituztela. Horrez gain, izurriaren jarraipena egiteko adierazle gehienek ere «arrisku apala» erakusten dutela azaldu zuen ministroak, eta horrek eman diola bide erabakiari. Izan ere, beti egoera epidemiologikoaren araberako neurriak hartu dituztela nabarmendu zuen. Adituekin «adostutako» erabakia izan dela argudiatu zuen, eta EB Europako Batasuneko beste hainbat herrialdek tankera bereko erabakiak hartu dituztela.

Onartu duten dekretuan, pertsonen «zaurgarritasunaren» araberako «salbuespenak» hauek izango dira. Batetik, «osasun zentroetan» ezinbestean erabili beharko dira maskarak oraindik ere: erietxeetan, osasun zentroetan, transfusio zentroetan eta botiketan maskara jantzita eraman beharko da beti. «Lan egiten dutenek eta bisitariek» jantzi beharko dute; pazienteak libre egongo dira. Maskara ezinbestekoa izango da «zentro soziosanitarioetan» ere; esaterako, zahar etxeetan eta. Halako tokietan ere bisitari eta langileek bakarrik erabili beharko dute. Garraio publikoan ere erabiltzen jarraitu beharko da. Kasu horretan, geltoki eta antzekoetan ez da jantzi beharko; soilik garraiobideen barrurako erabakia izango da.

Eskoletan ere ez

«Horiek dira salbuespenak», zehaztu zuen ministroak. Gainerako tokietan obligazio bat izateari utzi dio maskararen erabilerak. Alde horretatik, Dariasek nabarmendu zuen eskoletan ere ez dela maskararik eraman behar. Dekretuak emandako irizpideen arabera, bederen, ez da erabili behar inoiz ere. Hegoaldeko hezkuntza erakundeek orain horren harira zer esaten duten ikusi beharko da; heldu den astelehenean hasiko da Aste Santuko oporraldiaren ostean berriz ikasturtea, eta ordurako eman beharko dituzte irizpideak. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek atzo esan zuen dekretu berriaren edukiaren berri emango dietela eskolei, eta irizpidea dela, oro har, han jartzen duena betetzea. Hala ere, maskara erabiltzen segitu nahi dutenek horretarako era izango duela esan zuen.

Ikusi gehiago: Osalanek enpresei gomendatu die dituzten baldintzak aztertzeko maskararen derrigortasuna kendu aurretik

Lan munduan ere, oro har, maskararen erabilerarik eskatzera ez da inor behartuko. «Hala ere, enpresetako lan osasuneko prebentzio arduradunek har ditzakete neurriak», adierazi zuen ministroak. Langileen arteko distantzia txikia bada, eta lantokiko aireztapena eskasa bada, erabaki egokia izango da langileek maskara erabiltzea, eta hori ebazteko era izango dute enpresek.

Eta beste hainbat egoeratan ere maskararen erabilera garrantzitsua izan daitekeela onartu zuen Osasun ministroak. «Modu arduratsuan erabiltzea gomendatzen da», azaldu zuen. Hain zuzen ere, adinekoei, immunoeskasiaren bat dutenei eta haurdunei dagokienez, esaterako, maskararen erabilera «arduratsuak» zentzua duela gogoratu zuen, eta ezingo dela guztiz alboratu horregatik. «Maskarek gure artean jarraituko dute, babes elementu gisa, batez ere pertsona zaurgarriei begira. Arduraz erabiltzea zaintzaren kulturarekin lotuta dago». Jende pilaketa handietan edota familia topaketetan pertsona «zaurgarriak» daudenean maskara erabiltzea «arduratsua» izan daitekeela adierazi zuen.

Frantziako Gobernuak martxoaren 14an nabarmen arindu zituen COVID-19aren aurkako neurriak. Txertatze agiria erakustea ez da beharrezkoa ordutik leku publikoetara sartzeko, eta maskararen erabilera ere murriztu zuten, oro har, toki publiko gehienetan.

Ospitaleetan, gora

Izurriaren aldagaien igoera bat erakusten duten datuak badira. Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur esan du ospitaleratzeen kopurua ehun paziente handitu dela astebetean. Apirilaren 10ean 213 ziren; gaur, 315.

Ikusi gehiago: EHUk unibertsitatearen barnealdeko lekuetan maskara «arduraz» erabiltzea gomendatu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.