Txirrindularitza

Pello Bilbaorentzat etapa eta lidergoa Alpeetako Tourrean

Bahraineko txirrindularia jaitsiera ikusgarri bati esker gailendu da bigarren etapan. Mikel Landak zortzigarren amaitu du.

Pello Bilbao, gaur, helmugaratzen. ALPEETAKO TOURRA
2022ko apirilaren 19a
15:57
Entzun

Sasoi bikainean dago Pello Bilbao (Bahrain). Hori erakutsi zuen, besteak beste, Euskal Herriko Itzulian, eta gauza bera erakusten ari da Alpeetako Tourrean: Gernikako txirrindulariak irabazi du bigarren etapa, eta liderraren elastikoa soinean duela irtengo da bihar. Atzoko erlojupekoan ere bigarren amaitu zuen Bilbaok, Geoffrey Boucharden atzetik (Ag2r).

Italiako Giroa prestatzen ari diren txirrindulariz josita dago Alpeetako Tourra, lehen Trentinoko Giroa zena. Gaur, Bahrainek ez du nahieran kontrolatu San Martino di Castrozzan (Italia) amaitzen zen etapa, eta azken hogei kilometroetako jaitsieran ahalegin handia egin behar izan du Bilbao eta Mikel Landa buru dituen taldeak. Kostata harrapatu dituzte ihes eginda zihoazen Pavel Sivakov (Ineos) eta Michael Storer (FDJ). Behin haiek harrapatuta, Bilbao izan da azkarrena azken metroetan, Romain Bardeten (DSM) eta Attila Valterren (FDJ) aurretik. Zortzigarren amaitu du Landak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.