Kanpo merkataritza

Esportazioak %25 gehitu dira aurten Hego Euskal Herrian

Inportazioak %45 ugaritu dira, petrolioaren eta gasaren eskutik batik bat.

'Nikolai Urvantsev' gasontzi errusiarra, Bilboko portuan. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 19a
16:00
Entzun

Ukrainako gerraren eragina ez da ikusi otsaileko nazioarteko merkataritzaren datuetan. Hilabete horretan 3.441 milioi euroren esportazioak egin zituzten Hego Euskal Herriko enpresek, inoizko kopuru handienetako bat eta iazko otsailean baino %25,4 gehiago. Urtarrila ere ildo horretatik joan zenez, urteko lehen bi hilabeteetan hazkundea %24koa da.

Lurralde guztietan ari dira esportazioak gora egiten, baina batez ere Bizkaian: +%34,2 urteko lehen bi hilabeteetan eta +%33,1 otsailean. Azalpena energian bilatu behar da, edo zehatzago esanda, Petronorrera iristen den petrolioan. Bilboko portura findu gabe iritsi ohi da, eta horren zati bat findua esportatzen da. Horrela, Eustatek nabarmendu du petrolio finduen esportazioa bikoiztu baino gehiago egin dela otsailean (+%135,8), eta jada lurraldeko esportazio guztien %11 dela.

Inportazioak, are gehiago

Energiak ere azaltzen du inportazioen hazkundea, esportazioena baino are handiagoa: %46,4 handitu dira otsailean, eta %45 urteko lehen bi hilabeteetan. Eustaten arabera, energia alorreko inportazioak %67,6 handitu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta produktu ez energetikoena, berriz, %44,8.

Petronorren jarduna ez ezik, BBG Bahia de Bizkaia Gasena kontuan hartu behar da. Hara iristen da itsasontziz GNL gas natural likidotua, Zierbenako kaian berriro gas bihurtzeko. Ukrainako gerra hasi aurretik ere, GNL inportazioak handitzen ari ziren Europan, Errusiak bere gasbideak erdizka zituelako. Joera hori areagotu da martxoan eta apirilean, eta Europan GNLa tratatzeko planta asko ez daudenez, pentsatzekoa da hurrengo hilabeteetan eta urteetan BBGk lan asko izango duela. Errusiatik bertatik ere iritsi izan da gasa Bilboko portura, Nikolai Urvantsev itsasontzian esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.