Ukrainako gerraren ondorioak

Gerrak 2026ra arte motelduko du munduko ekonomia

Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak okertu egin dituzte datozen urteetarako hazkunde aurreikuspenak. Europak nabarituko ditu gehien Ukrainako gerraren ondorioak: inflazio handia eta hornidura arazoak.

Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria eta David Malpass Munduko Bankuko presidentea, artxiboko irudi batean. ERIK S. LESSER (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 19a
17:48
Entzun

Laino beltzak munduko ekonomian: enplegua eta produkzioa ez dira pandemia aurreko datuetara itzuliko gutxienez 2026ra arte. Hala ondorioztatu dute NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak, astearte honetan argitaratutako txosten batean. Bi erakunde horien arabera, Ukrainako gerra krisi energetiko bat eragiten ari da, eta, horrek bultzatuta, inflazioa gora egiten ari da mundu osoan. Gaineratu dute, halaber, pandemia ez dela amaitu, eta Txinan gertatzen ari dena gogoratu dute: eskualde batzuetan agertutako kasuei aurre egiteko hartutako neurriek moteldu egin dute hango produkzioa, eta ohartarazi dute horrek arazoak eragin ditzakeela mundu osoko hornikuntza kateetan, aurreko bi urteetan gertatu den bezala.

NDFk eta Munduko Bankuak urtarrilean egin zuten azken txostena, baina gerrak behartu ditu orduan esandakoak berrikustera. Aurten eta datorren urteari begira, mundu mailako hazkunde aurreikuspenak 0,8 eta 0,2 puntu okertu dituzte, hurrenez hurren. 2022rako eta 2023rako %3,6ko hazkunde tasa espero dute —iaz %6,1koa izan zen—, eta «epe ertainean» jaisten jarraituko duela uste dute, %3,3aren bueltan gelditzeraino. Europako herrialdeek hartuko lukete kolperik gogorrena.

Ohartarazi dute hazkundearen bilakaera Ukrainako gerraren araberakoa izango dela, eta mezu argia bidali dute: baliteke ondorioak denbora luzez nabaritzea, gerrak eragindako lehengaien eta oinarrizko produktuen prezioen igoeragatik bereziki; alegia, inflazioagatik. Bi erakundeen arabera, 2022an %5,7koa izango da ekonomia aurreratuetan, eta % 8,7koa gorabidean eta garabidean direnetan; hau da, urtarrilean aurreikusi baino 1,8 eta 2,8 puntu gehiago, hurrenez hurren.

«Erreakzionatu beharra dago»

Aurrera begira, NDFk eta Munduko Bankuak azpimarratu dute ezohiko inflazioa eteteko banku zentralek euren diru politikak berrikusi beharko dituztela luze gabe. «Uste baino azkarrago erreakzionatu beharko dute, interes tasak igoz». Europako Banku Zentralak aurreko astean jakinarazi zuen hori aurten bertan egiteko prestatzen ari dela; Ukrainako gerraren aurretik bide hori hartu zuten AEBetako eta Erresuma Batuko banku zentralek, besteak beste.

Zerga politikan eta oinarrizko gastuan ere jarri dute azpimarra NDFk eta Munduko Bankuak. Azaldu dute ekonomia sendotzeko beharrak ez duela eragozpen bat izan behar gobernuentzat pertsona eta sektore kalteberak laguntzeko: bereziki oinarrizko produktuen prezioen igoeraren ondorioz zailtasunak dituztenei eta pandemiaren eraginpean daudenei. «Gobernuek bide zaila egin beharko dute zerga kontsolidazioaren eta funtsezko gastuen lehentasunaren artean».

Ohartarazi dute, halaber, egungo egoerak kanpo zorrean eragin nabaria izan dezakeela, eta gogoratu dute egun 30 herrialdek dituztela ordaintzeko arazo larriak. «Funtsezkoa da zorra modu ordenatuan berregituratzeko bidean aurrera egitea, mundu mailako kooperazioaren bidez».

Europan okerren

NDFk eta Munduko Bankuak gogoratu dutenez, Errusia eta Ukraina munduko zereal esportatzaile handienetako bi dira, bereziki arto eta gari esportatzaileak, baita petrolio, gas natural eta mineral hornitzaileak ere, Errusia bereziki. Horren ondorioz, izugarri garestitzen ari dira lehengaien prezioak mundu osoan, eta ondorio ekonomikoak bi herrialde horietatik haratago nabaritzen ari dira.

Ukraina eta Errusiaren ondoren —haien ekonomiak %35 eta %8,5 uzkurtuko dira aurten—, Europak hartuko luke kolperik handiena, Errusiako energiekiko duen menpekotasun handiagatik, NDFk eta Munduko Bankuak azpimarratu dutenez. Euroguneko herrialdeak hazkundean jarraituko dute, baina aurreikusi baino motelago, eta herrialde batzuetan beste batzuetan baino gehiago nabarituko da: Alemanian eta Italian bereziki, haien industriek duten pisuagatik. Euroguneko hazkundea tasa %2,8an kokatu dute 2022rako, urtarrilean aurreikusi baino 1,1 puntu beherago.

Aldiz, jaitsiera txikiagoa eman diete AEBei: 0,3 puntukoa aurten —%3,7ko hazkundea—. NDFk eta Munduko Bankuak gakotzat jo dituzte inflazioari aurre egiteko gerraren aurretik hartutako neurriak, interes tasen igoera bereziki. Txinaren kasuan ere jaitsiera apalagoa aurreikusi dute, 0,4koa —%4,4ko hazkundea—.

NDFk eta Munduko Bankuak kezka azaldu dute herrialde txiroenen egoerarekin, baina, horien kasuan, hazkunde tasak antzera mantendu dituzte, bereziki haien menpekotasun energetikoa txikiagoa delako. Eta antzera elikadurarekin: azpimarratu dutenez, Afrikako herrialdeetako dietetan gariak ez du besteetan bezainbesteko pisurik, eta gauza bera Asiako eta Ekialde Hurbileko herrialdeetan. Bi erakundeek aurreikusten dute Saharaz hegoaldeko Afrikako hazkundea %3,8koa izatea 2022rako, eta Asia eta Ekialde Hurbilean %4,6koa. Alegia, munduko batezbestekoaren gainetik.

Dena den, aldeak badaude herrialde batzuen eta besteen artean. Erregaien prezioen igoera dela-eta, hazkunde aurreikuspen hobeak dituzte petrolio ekoizle eta esportatzaile diren herrialdeek, Nigeriak eta Saudi Arabiak, adibidez. Bestalde, kanpoko energien menpekotasun handiagoa duten eta Europarekin harreman komertzialak dituzten beste herrialde batzuenak okertu egin dituzte, Japoniarenak (0,9 puntu gutxiago) eta Indiarenak (0,8 puntu), esaterako.

Latinoamerikan, berriz, inflazioak gogor joko duela aurreikusten dute NDFk eta Munduko Bankuak. Horrekin batera, Europarekiko konexio komertzial txikiagoa izanda ere, AEBen eta Txinaren aurreikuspenen beherapenek ere eragin nabaria izango dute. %2,5eko hazkundea aurreikusten dute herrialde horientzat, batezbestekoaren azpitik, baina urtarrilean iragarritakoaren oso antzekoa.

«Blokeen» ekonomia

Datuetatik haratago, Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak azpimarratu dute gerrak bizkortu egin duela munduko ekonomia bloke geopolitikoetan zatikatzeko arriskua, estandar teknologiko, ordainketa sistema eta erreserba dibisa sistema ezberdinen bidez. Ohartarazi dute horrek guztiak zalantzan jar ditzaketela «azken 70 urteetan nazioarteko harremanen eta harreman ekonomikoen oinarri izan diren arauak», eta ohartarazi dute luzera begira «hondamendia» litzatekeela ekonomia globalarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.