Zerga politika

Enpresa handiek aldi baterako zerga gehiago pagatzearen alde dago Azpiazu

Nazioarteko Diru Funtsak proposatu du «aparteko irabaziak» dituzten konpainiek aldi baterako zerga gehiago pagatzea, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak «oso onargarritzat» jo du aukera hori. Jaurlaritzak 500 milioi euroko zorra jaulkiko du gaur.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburua. JON RODRIGUEZ BILBAO
xabier martin
2022ko apirilaren 20a
12:27
Entzun

Pedro Azpiazu bat dator NDF Nazioarteko Diru Funtsak konpainia handien fiskalitateaz egindako porposamenarekin. Uste du «oso onargarria» dela aparteko irabaziak dituzten konpainia handiek «gutxiengo tasa bat, ez oso altua», pagatzea aldi baterako. Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak azaldu du ideia hori «aspaldi honetan» lantzen aritu direla zenbait erakunde. AEBetako presidente Joe Bideni egotzi dio ideia hori, eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundean eta Europako Batasunean ere ekinbide hori landu dela esplikatu du, %15eko gutxieneko sozietate zergarekin lotuz NDFren proposamena.

«Honek ahalbidetuko luke enpresa guztiek behintzat gutxieneko bat pagatzea, batez ere konpainia handiek; haiek dira zergak pagatzeari uzten diotenak gehien batean», esan du Azpiazuk. «Guztioi onura ekarriko liguke neurri horrek, bitarteko gehiago izango genituzkeelako politika publikoak egiteko».

Bestalde, aitortu du «aintzat hartzekoa» dela Gasteizko gobernuak BPG barne produktu gordinaren hazkunde aurreikuspenean egindako doikuntza: %6,7tik %4,5era apaldu du hazkundea; «baina, oraingoz, hazkunde sendo bat islatzen du».

500 milioiko jaulkipena

«Orain arte» Jaurlaritzak egoerari aurre egiteko martxan jarritako laguntza planak «arrazoizkoak» direla uste du, baina erantsi du aurrerantzean ere «arretaz» zaindu beharko duela gobernuak egoeraren eboluzioa, «lehenbailehen esku hartzeko» horrela egin behar dela erabakitzen badu. Azpiazuk ez du egoki ikusten neurri orokorrak hartzea gerra eta harekin lotutako energia krisia dela eta; aldiz, «politika zehatzak» babestu ditu, arazoak zorrotz aztertu ondoren.

Iazko aurrekontuen soberakinari buruz esan du «etengabe» ukitzen duela gobernuak, aparteko inbertsioak egiteko, esaterako. «Ez ditut kritikak ulertzen», gaineratu du. «Soberakina egoteak oinarri handia dauka; eztabaida daiteke handiagoa ala txikiagoa izan behar duen, baina ezin da ezbaian jarri soberakina egotea ziurgabetasun egoera bati aurre egiteko».

Ekonomia sailburuak iragarri du 500 milioi euroko jaulkipena egingo duela Jaurlaritzak gaur bertan, gobernuak baduela zorpetzeko gaitasuna. 2018. urtetik seigarren zor jaulkipena da gaurkoa: guztien artean 3.700 milioi jarri ditu merkatuan Gasteizko gobernuak. Azpiazuk argitu du ez dagoela zergak jaistearen alde, «zergak jaistea, besterik gabe, ez baita helburu bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.