Maiatzaren Lehena
Zortzi mobilizazio egingo ditu LABek Nafarroan, nagusia Iruñean
Nafarroako Gobernuari eskatuko dio ezen, egungo egoerari aurre egiterakoan «benetan pertsonak erdigunean jarri nahi izanez gero», politika propioak garatu ditzala, eta ez dezala Madrilgo neurrien jarraipen hutsa egin

Zaintza lanak, enplegua eta aberastasunaren banaketa bidezkoa izango ditu aldarri LABek datorren Maiatzaren Lehenean. Duela bi aste Bilbon aurreratu bezala, Euskal Herri osoan egongo da presente. Nafarroan, zehazki, zortzi mobilizazio egingo ditu. Nagusia, Iruñean, 12:00etan, Gazteluko plazatik hasita. Gainera, Nafarroako hiriburuko Jarauta kalean Txoko Gorria jarriko du.
Iruñetik at, beste zazpi herritan mobilizatuko da sindikatu abertzalea: 12:00etan, Azkoienen, Donezteben eta Leitzan; 12:30ean, Lizarran, Tuteran eta Altsasun; 13:00etan, berriz, Tafallan. Iruñeko Gazteluko plazan egindako aurkezpenean, Imanol Karrera LABeko koordinatzaileak nabarmendu du aurten ez dutela 2.500 metro plastiko erabiliko, «trantsizio ekosozialistaren aldeko ekarpen xume gisa».
Aurkezpenean, gatazkan izan ziren langileen ordezkariak izan ditu Karrerak: uztailean itxitako Electroaceros enpresan enpleguaren alde borrokatutako langile bat, lehen hitzarmenaren alde gatazkan diren zahar etxeetako behargin bat, esku-hartze sektoreko beste ordezkari bat, eta maiatzetik aurrera greban hasiko diren haur eskoletako langile bat.
Pandemian zaintza eta ekonomia zaindu behar zirela esaten zen, eta orain, Ukrainako gerran, pertsonak eta ekonomia zaindu behar direla esaten da. Haatik, Karreraren arabera, horiek «lelo hutsak» baino ez dira, eta benetan pertsonak «erdigunean» jarri nahi badira bestelako erantzun batzuk eman behar direla uste du. Izan ere, LABen arabera, «kapitalismoak ez ditu soilik planetaren baliabideak agortzen»: langileria ere «esplotatzen du». Leloek diotenaren kontra egungo sistemak langileak baztertzen dituela uste du LABek, prekarizazioaren bidez eta aberastasunaren banaketa desegoki baten bidez, lan errentak kapital errentetara pasatuta.
Jokaleku horretan, Ukrainako gerra «oligarkien mesedetan» dela eta enpresa handiak irabazle ateratzen direla nabarmendu du Karrerak. Haren irudiko, Nazioarteko Diru Funtsak asteartean kaleratutako txostenak ohartarazi du gerraren ondorio ekonomikoei eta energia prezioen zein erregaien garestitzeari aurre egiteko ezarritako neurriek gastu publikoari kalte egin diezaioketela. Karreraren arabera, neurriok «adabakiak» dira, eta zerbitzu publikoak kaltetzeko arriskua dago etorkizunean. Oligopolio energetikoen «kontrol publikoa» ere eskatu du.
Horregatik, Nafarroako Gobernuari dei egin dio ez dezala Madrilek ezarritako neurriak bere horretan jarraitu. Karreraren arabera, politika eta neurri propioak garatzeko bideari ekin beharko lioke Maria Txibiteren gobernuak; besteak beste, zerga erreforma baten bidez.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.