Frantziako hauteskundeak

Macron eta Le Pen, aurrez aurre gaur gauean

Frantziako presidentetzarako bi hautagaiek eztabaida erabakigarria izango dute telebistan. Inkestetan, oraingoz, Macron dago aurretik, baina gutxigatik. PS Alderdi Sozialistak ezkerreko indarrak batzeko nahia erakutsi du.

Macronen eta Le Penen aldeko kartelak, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 20a
13:18
Entzun

Emmanuel Macron edo Marine Le Pen. Igande honetan hautatuko dute Frantziako hurrengo presidentea, eta herritarrek gaur izango dute bi hautagaiak aurrez aurre eztabaidatzen ikusteko aukera. Ikusmin handia sortu da eztabaidaren inguruan: zer defendatuko du bakoitzak? Zer itxura eman nahiko dute?

Izan ere, azken inkesten arabera, Macron da bozak irabazteko faboritoa, baina 2017ko hauteskundeetan baino tarte txikiagoaz: botoen %66 lortu zituen ordukoan, eta aurten, galdeketen arabera, %53-55 lortuko ditu. Lehen itzulian botoen %27,84 bildu zituen estatuburuak, eta %23,15 eskuin muturreko hautagaiak. Bi presidentegaiek gora egin zuten 2017ko emaitzekin konparatuz gero, baina bien arteko tartea duela bost urte baino askoz ere txikiagoa izan zen. Aukerak ditu, beraz, Le Penek.

Eskuin muturreko hautagaiak 2017. urteko eztabaidak utzi zion aho zapore txarra kendu nahiko du gaur. Adituen arabera, itxura oldarkorra eman zuen, eta behar beste prestatuta ez zegoela ere agerian geratu zen; horrek eragina izan zuen bozen emaitzetan. Aurtengo kanpainan, abegikorrago azaldu da Le Pen. Telebistako eztabaida France 2 kate publikoko kazetari batek eta TF1 pribatuko beste batek gidatuko dute.

Ezkerra batzera

Frantziako gainontzeko alderdiak ere ari dira mugitzen. PS Alderdi Sozialistak bere inoizko emaitzarik txarrenak lortu zituen lehen itzulian: Anne Hidalgo hautagaiak botoen %1,75 bildu zituen, 2017an Benoit Hamonek lorturiko %6,36 baino gutxiago. Alderdiko zuzendaritza hasi da jada joerari buelta eman nahian: ekainean egingo diren hauteskunde legegileetarako, proposatu du ezkerreko indarrek bat egitea.

Indar horien artean legoke Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoa, nahiz eta alderdian badauden aliantza horren aurka egin dutenak. Melenchon izan zen lehen itzulian emaitzarik onenak lortu zituen hautagai ezkertiarra: boto gehien lortu zituzten hautagaietan hirugarrena izan zen, botoen %21,95 bilduta.

Melenchonek berak ere azaldu du aliantzak sortzeko asmoa, baina ekologistekin eta komunistekin, eta ez PSrekin. Atzo egin zioten elkarrizketa batean, elkartasun horren alde egin zuen, eta frantziarrei eskatu zien bera hautatzeko lehen ministro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.