EHUk unibertsitatearen barnealdean maskara «arduraz» erabiltzea gomendatu du

EHUn ez da derrigorrezkoa izango maskararen erabilera, baina gomendatu dute partekatutako instalazioetan maskara erabiltzea, aireztapena eta segurtasun distantziak bermatuta ez badaude. Ez du baztertu lanpostu batzuetan maskara janztea derrigortzea.

EHUren Gasteizko campusa, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 20a
14:30
Entzun

Gaurtik aurrera, Hego Euskal Herriko barrualdeko leku gehienetan ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea, ezta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ere. Unibertsitateak arau berria errespetatuko du, baina gomendatu du maskara «arduraz» erabiltzeko unibertsitateko barnealdeko espazioetan, 2021-2022ko ikasturtea amaitu arte bederen. Hori horrela, unibertsitateko erabiltzaileek partekatzen dituzten barnealdeko espazioetan maskara erabiltzeko gomendioa egin dute, betiere, distantzia eta «aireztapen egokia» bermatu ezin badira.

Maskara derrigortuko ez badute ere, bestelako segurtasun neurriei eutsi asmo die EHUk. Hala adierazi du ohar bidez: «Euskal unibertsitate publikoak lokalen eta barruko gelen aireztapenerako indarrean dauden protokoloei eusten die, baita higieneari dagozkion neurriei ere».

Gaur-gaurkoz, EHUk ez du zehaztu langileek maskara jantzi beharko duten ala ez. Osasun agintarien esanen eta argitaratuko dituzten arauen zain daude. Behin horiek aztertuta, ez dute baztertu kasu batzuetan maskararen erabilera derrigortzea: «Unibertsitateak lanpostu, funtzio edo egoera pertsonal jakin batzuetan maskara erabiltzea erabaki ahal izango du, kasu bakoitzean aplikatzekoa den laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudian ezarritako irizpideei jarraituz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.