Erresuma Batua

Erresuma Batuko justiziak Assange estraditatzeko agindua igorri dio gobernuari

Pitri Patel Barne ministroaren esku dago Wikileaksen sortzailea AEBetara bidaltzeko erabakia. Kazetariari 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete espioitza eta intrusio informatikoagatik; haren defentsak jakinarazi du helegitea jarriko duela.

Assangeren estradizioaren kontrako afixa bat, iragan martxoko argazki batean. EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko apirilaren 20a
17:10
Entzun

Londresko auzitegiak Julian Assange Wikileaksen sortzailea AEBetara estraditatzeko agindua igorri dio gobernuari. Paul Goldspring Westminsterko magistratuen gorteko epaileak eman dio agindua Priti Patel Erresuma Batuko Barne ministroari, zeinak bi hilabeteko epea edukiko duen—luza daitekeena—epailearen estradizioa onartzen duen ala ez erabakitzeko. Assangeri 175 urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete espioitza eta intrusio informatikoagatik.

Auzi horretako bi aldeek—Assangek eta AEBetako justiziak—helegitea aurkezteko aukera dute orain, betiere, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak baimena ematen badu. Assangeren defentsak jakinarazi du epailearen erabakiaren aurka egingo duela datozen lau asteetan, maiatzaren 18an bukatzen baita argudioak aurkezteko epea.

Assangek bideokonferentzia bitartez entzun du Westminsterko magistratuen audientzia, Belmarshko segurtasun handiko espetxean zegoela (Londres); Wikileaksen sortzailea prebentziozko espetxeratzean egongo da prozesuak iraun bitartean. Kartzelan dago 2019az geroztik, Ekuadorko enbaxadatik atera zutenetik —zazpi urte egin zituen han—.

Assangeren abokatu Mark Summerrek —herrialdean zuzenbide kriminalean eskarmentu handia du, baita nazioartean ere— aurreratu du Barne Ministerioaren aurrean alegazio orri bat aurkeztuko duela, batez ere espetxe baldintzetan eta Assange azkenean estraditatzen badute aurre egin behar dion epaian oinarrituta.

Horren harira, Sumerrek gaineratu du ministerioari «munta handiko alegazioak» egingo dizkiotela AEBetako epaiketa zigorrei eta baldintzei buruz. Legezko bide guztiak agortzeko asmoa du Sumerrek, azken instantzian prozesua geldiarazten saiatzeko.

Herrialdeko araudiaren arabera, Patelek estradizioa debekatu ahalko du soilik 2003ko Estradizioaren Legeak babestutako kasu espezifikoetan. Betiere, herrialde salatzailearekin —AEBekin— egindako akordioen arabera; horrez gain, Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea jartzeko aukera ere badu.

Assangeren aurkako auziak nazioarteko erakundeen eta agintarien kritikak izan ditu, eta askok «arriskutsutzat» jo dituzte Londresko erabakiak prentsa askatasunean izan ditzakeen aurrekariak. Jeremy Corbyn alderdi laboristako kide ohia izan da horietako bat: «Espero dut Barne Ministerioak onartzea kasu honek adierazpen askatasunaren alde duen erantzukizuna». Horrez gain, Assangek egindako lana goraipatu du: «Irakeko eta Afganistango gerren izugarrikeriak zabaldu besterik ez du egin, eta eskerrak eman beharko genizkioke horregatik».

Nazioarteko erakundeek ere beren kezkak azaleratu dituzte. Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundeak eskatu dio Barne Ministerioari «kazetaritzaren interesen eta prentsa askatasunaren alde egiteko, estradizioari uko eginez, eta Assange berehala aske utziz». AI Amnesty International GKEak adierazi du Assange estraditatzeak aurrekari «arriskutsua» sortuko lukeela prentsaren adierazpen askatasunean.

Human Rights Watch GKEak ere salatu du Assangeren kasua adierazpen askatasunari «irain» egitea dela, eta AEBetako administrazioari eskatu dio Assengeren aurkako «karguak kentzeko». Dozenaka manifestarik ere babesa helarazi diote Assangeri, Westmnisterko auzitegiaren kanpoan.

Gorenaren erabakitik

Iragan hilabetean, herrialdeko Auzitegi Gorenak bide eman zion Assangeren estradizioari, kazetariak aurkeztutako helegitea atzera bota ondoren. Helegite horren bidez, Assangek estradizioa galarazi nahi zuen, baina Gorenak Vanessa Baraitser lehen instantziako epaileari esan zion gobernuari bidaltzeko estradizio agindua. Baliteke epai horrek amaitzea 2021eko urtarrilaren 21ean hasi zen prozesu judiziala.

Egun hartan, Baraitserrek Assange ez estraditatzea erabaki zuen, AEBek ezin baitzuten bermatu kazetariak bere buruaz beste egingo ez zuenik. AEBko Fiskaltzak argudio horri buelta ematea lortu zuen, argudiatuta Assangek ez duela aurrekaririk bere buruaz beste egiten saiatzeagatik. Horrez gain, «zainketa klinikoak eta psikologikoak» jasoko zituela gaineratu zuen fiskaltzak, eta argudiatu zuen ez diotela ezarriko bakartze neurri berezirik segurtasun handiko espetxe batean.

AEBek eskatu dute kazetaria hemezortzi deliturengatik auzipetzeko —espioitza eta intrusio informatikoren lege bat urratzea barne—; defentsaren arabera, 175 urteko kartzela zigorra ekar dezake herrialde horretan. Delitu horiek lotura estua dute Assangek Wikileaksen argitaratu zituen edukiekin. Hain justu, atari horretan, 2010ean eta 2011n AEBetako gehiegikeriak erakutsi zituen Guantanamoko atxilotze zentroan (Kuba), baita Irakeko eta Afganistango ustezko gerra krimenak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.