Osasuna 1-3 Real Madril

Sailkapenaren isla izan da

Osasunak galdu egin du Sadarren, Real Madrilen aurka, eta eten egin zaio etxeko bolada ona. Gorritxoek izan dituzte beren aukerak, baina bisitariak nagusi izan dira zelaian.

Ante Budimir Osasunakoa, lurrean, Isco Real Madrilekoa alboa duela. Kroaziarrak egin du gorritxoen gola. JESUS DIGES / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko apirilaren 20a
23:30
Entzun

Nahia eta ahala ez dira bat eta bera. Osasuna saiatu da kontrarioa estu hartzen, baina esku hutsik geratu da Real Madrilen aurkako partidan. Gorritxoek galdu egin dute Sadarren (1-3). Espainiako ligako liderra nagusi izan da Iruñean; eskura du garaikurra, eta agerian utzi du horren zergatia: ahal handia duen talde bat da. Bisitariak bi golen aldeaz nagusitu dira. Etxekoak garaipen gosez zelairatu dira, baina norgehiagokak aurrera egin ahala gailendu da lehen sailkatua. Sailkapenaren isla izan da neurketa; Osasuna eroso dago, bederatzigarren, baina zenbait koska gorago dago Real Madril.

Halere, kikiltzeko asmorik gabe zelairatu da Osasuna, eta bizi hasi da neurketa. Gorritxoek bisitariak lotzeko hautua egin dute lehen minutuetan, jokatzeko tarte gutxi uztekoa. Bi taldeek eduki dute baloia, eta arerioaren atera egin dute. Osasuna ondo kokatuta atera da. Goialdeko presioak eta lerro arteko jokoak eman dio horretarako modua, hein batean. Neurketa kontrolpean izango luke arerioa beste bat izango balitz.

Izan ere, Real Madrilen joa izugarria da, eta zirrikitu txikia behar du gola sartzeko. Agerian utzi du hori hamabigarren minutuan. Zelai erdiko falta batean, Marco Asensiok laburrean jokatu du, Dani Ceballosekin, eta hark Karim Benzemari jaurti dio baloia. David Alabak frantziarraren pasea jaso, eta bigarren saialdian egin du gola. Hasi eta gutxira, Osasunari maldan gora jarri zaio neurketa.

Iruindarrek berehala erreakzionatu dute, ordea. Gola hasi eta minutu bakarrera lortu du berdinketa. Jon Moncayolak norabide aldaketa batekin sortu du arriskua, lehendabizi, eta hark Chimy Avilari emandako baloia erdiratu egin du argentinarrak, Ante Budimirrekin jokatuz. Aurrelari kroaziarrak ez du hutsik egin, 14. minutuan: 1-1. Avilak lan handia egin du lehen zatian.

Markagailua orekatu arren, gutxika-gutxika baloi jabetza handiagoa izan du Real Madrilek, eta minutuek aurrera jaun eta jabe izan da zelaian. Osasunakoak ez dira estutu, haatik; atzeko lerroan sendo aritu dira lehen zatian, eta erasoan arriskua sortu dute. Budimirrek bigarren gola ere ere sartu du, 31. minutuan, baina epaileak baliorik gabe utzi du, marrazainari jaramon eginda. Azti ibili da albokoa jokoz kanpokoa adierazteko garaian.

Hortik aurrera, bisitariek agindu dute atsedenaldira artean, eta neurketa eten aurreko jokaldian eskuratu dute saria. 44. minutuan bigarren gola sartu du Asensiok, Sergio Herreraren alderatze bat baliatuta. Unerik okerrenean ailegatu da espainiarren bigarrena.

Sergio Herreraren geldiketak

Bigarren zatian ere Real Madrilek izan du jokoaren gidaritza, eta sarri gerturatu da Osasunaren areara. Ezker hegaletik antolatu ditu erasoko jokaldiak, eta etxekoek lanak izan dituzte kontrarioak geldiarazteko. Hala, epaileak bi penalti adierazi ditu Carlo Ancelottiren taldearen alde; lehendabizikoa, 52. minutuan, Chimy Avilak baloia eskuz jo duelako, eta bigarrena Rodrygori egindako sarrera batengatik. Benzemak jaurti ditu biak, baina alerik ez du sartu. Hobe esanda, Sergio Herrerak geratu ditu biak. Osasunako atezainak birritan asmatu du Benzemaren asmoa, eta hauspoa eman dio bere taldeari.

Halere, Real Madrilek oldarkor segi du. Osasunak galdu egin du atzeko lerroko sendotasuna. Nekeak erasan ahala, zirrikitu gehiago utzi ditu defentsan. Bisitariek ez dute probestu, eta Jagoba Arrasateren taldeak aukera bakan batzuk izan ditu erasoan. Haiek baliatu ezinda geratu dira, eta penalti bat ere eskatu dute, nahiz epaileak eman ez. Neurketako azken unean, Real Madrilek hirugarrena egin du, Vinicius Juniorren bitartez (96. min.). Azkenerako, bisitariak nagusitu dira Sadarren, duin baina otzanago aritu den Osasunari gain hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.