Turismoa

Iazko martxoko turisten sarrerak halako bost egon dira aurtengoan

232.815 gaualdi gehiago egin dituzte iazko martxoan baino Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hoteletan, Eustaten datuen arabera. Nafarroan, nekazaritza turismoko aterpeak %87 bete dira Aste Santuan.

Turista andana, Donostiako Haizearen orrazian, egunotan. JON URBE / FOKU
xabier martin
2022ko apirilaren 21a
12:16
Entzun

Turismoarentzat izan den oztopo handi hori izateari utzi dio koronabirusak, jakinarazi dituzten azken datuei erreparatuta. Eustaten arabera, iazko martxoko turisten sarrerak halako bost egon dira aurtengoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta kaleko paseo batean Donostian, Bilbon eta euskal kostalde osoan bertatik bertara ikus daitekeena kopuruz azaldu du euskal institutuak: aurtengo martxoan 232.815 gaualdi gehiago izan dira iazkoan baino. Nafarroan, berriz, Iberiar penintsulako nekazaritza turismorik sendoena edukita, aterpe horien %87 egon dira beteak Aste Santuko egunetan. Sektoreak izan duen itolarria atzean geratzen hasi da, beraz.

Gauzak horrela, martxoan, hoteletako sarrerak %132,5 gehitu dira, eta, gaualdiak, %146,5, urte arteko tasan. Guztira, 209.119 sarrera egon dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 391.781 gaualdi. 2021eko martxoan, 89.930 sarrera eta 158.966 gaualdi izan ziren. Atzerritarren sarrerak %31,6 izan dira, eta gaualdiak, %32,9; ehuneko hori askoz ere handiagoa da, ordea, Espainiatik eta Kataluniatik etorritakoak ez baititu atzerriko multzo horretan sartzen Eustatek. Duela urtebete, euskal institutuak zenbatzen dituen atzerritarren sarrerak %14,7 izan ziren soilik, eta gaualdiak, %16,2.

Bistan denez, barne turismoa da nagusi oraindik ere turismoaren alorrean, baina, koronabirusak atzera egiten duen heinean, Iberiar penintsulatik haragoko bisitari gehiago iristen ari dira, eta horrekin batera turismoaren sektorea suspertuz doa. Eragileek hobetu egingo dituzte udara begirako aurreikuspenak, aurtengo Aste Santu biziaren ondoren.

Horiek horrela, Araban izan dira hotel establezimenduetako hileko sarreren %14,6, Bizkaian %43,7, eta Gipuzkoan %41,7. Gaualdiei dagokienez, Araban 58.902 izan dira, gaualdi guztien %15,0; Bizkaian 171.384 izan dira (%43,7), eta Gipuzkoan, 161.495 (%41,2). Hiru lurraldeetan, hala sarrerak nola gaualdiak nabarmen igo dira, eta atzerriko turistenak nabarmentzen dira. Gipuzkoan igo da gehien gaualdien kopurua (%161,3), gero Bizkaian (%152,2) eta azkenik, Araban (%101,6). 2022ko martxoko batez besteko egonaldia 1,87 egunekoa izan da; hau da, 2021eko hilabete berean lortutakoa (1,77 egun) baino luzeagoa.

Betetze maila

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako martxoko okupazio maila %40,3ra iritsi da establezimenduen gaitasun osoa aintzat hartuta, eta % 50,2ra gelen arabera neurtuta. 2021eko martxoarekin alderatuta, hazkundeak %17,9 eta %19,9koak izan dira, hurrenez hurren. Errentagarritasuna, eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtuta, 73,24 eurokoa izan da. Lurraldeari dagokionez, balioak antzekoak dira: Araban, 71,55 euro; Bizkaian, 73,55 euro; eta Gipuzkoan, 73,54 euro. Hiriburuen arabera, berriz, 86,11 eurokoa izan da Donostian, 76,98 eurokoa Bilbon, eta 62,97 eurokoa Gasteizen.

Aste Santuko datu zehatzak ezagutzeko, apirileko datuei erreparatu beharko zaie, hilabete barru ematen dituenean Eustatek, baina dagoeneko begien bistakoa da iazkoaren oso gainetik egongo dela. Nafarroan, esaterako, landa turismoko sektorean %87koa izan da okupazio maila. Bisitarien erdiak baino gehiago (%52) familian etorri dira; %36,6, bikote gisa; eta %11,1, lagunartean.

Kataluniatik iritsi dira turista gehienak Nafarroako landa turismoko etxeetara: iritsitako guztien %65 ia. Beste lurraldeetako euskal herritarrak dira hurrenak zerrendan, baina Madrildik ere asko heldu dira. Iberiar penintsulatik bestekoak gutxi etorri dira, eta batez ere ingelesak izan dira.

Edonola ere, iazko Aste Santuko erreserbak halako bi izan dira aurtengoan. Iazkoan %49koa izan zen okupazio maila. Izan ere, 2022ko Aste Santuko kopuruak %1 handiagoak izan dira pandemia aurreko azken Aste Santukoak baino, 2019koak baino alegia. %86koa izan zen okupazio maila orduan landa turismoko establezimenduetan.

Horrez gain, Nafarroako Kanpin Elkarteak jakinarazi du bungalow aterpeen okupazio maila %90 eta %95 artekoa izan dela. Lursailak, berriz, kanpin dendak eta karabanak jartzen dituzten sailak alegia, %80 inguru bete dituzte Nafarroako kanpinek. Gainera, aurten, sanferminak ospatu egingo dira bi urteko etenaldiaren ondoren, eta hotelek bultzada sumatuko dute Iruñean eta inguruetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.