Inflazioa

Eurogunean inoizko inflazio tasarik handiena erregistratu da: %7,5

Martxoan beste 1,5 puntu igo da. Ukrainako gerraren ondorioz energiaren prezioak garestitu izanak eragin du igoera.

Bilboko gasolindegi bat. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 21a
12:23
Entzun

Euroguneko inflazio tasa %7,4ra igo zen martxoan: aurreko hilean baino 1,5 puntu handiagoa izan da, Eurostat estatistika erakundeak ostegun honetan jakinarazi duenez. Urtebete lehenago, %1,3koa zen. Eurostaten serie historikoan inoiz izan den inflazio tasarik handiena da.

Ukrainako gerrak, nola ez, eragin zuzena izan du kontsumo gaien garestitze orokor horretan. Gas garestiaren ondoriozko argindar garestiak gorantz zekarren inflazioa, baina, gerrarekin, adibidez petrolioa eta ondorioz erregaiak modu ikusgarrian garestitu dira azken urtean: atal horretan 4,36 puntuko igoera izan da —iaz baino %45 inguru garestiagoa da energia—. Neurri apalagoan igo dira zerbitzuen prezioak (+1,12 puntu); elikagaienak, alkoholarenak eta tabakoenak (+1,07 puntu); eta industria ondasun ez-energetikoenak (+0,90 puntu).

Horiek hala, eta hil hasieran aurreratutako datuaren arabera, %3an kokatuko litzateke azpiko inflazioa; alegia, elaboratu gabeko elikagaiak eta energia gaiak —aldakorrenak izan ohi direnak— kanpoan uzten dituena.

Hego Euskal Herrian, %9,6

Herrialdeen arabera, Lituanian handitu da gehien inflazioa ( %15,6koa da ); ondoren, Estonia ( %14,8) eta Txekia ( %11,9) daude. Tasarik txikienak Maltan ( %4,5), Frantzian ( %5,1) eta Portugalen (%5,5) erregistratu ditu Eurostatek. Tartean dago, besteak beste, Espainia (%9,8). Hego Euskal Herrian %9,6koa izan zen martxoan, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera.

Europako Banku Zentralak ezarritako %2 inguruko helburutik oso gora dago inflazioa, eta ez da aurreikusten laster tasa horretara hurbiltzea, energien prezioetan ez baita jaitsierarik espero. Horri aurre egiteko, interes tasak igotzeko asmoa agertu du banku zentralak.

Horrekin bat datoz Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua, eta neurria «uste baino azkarrago» hartu beharko dela azpimarratu dute. Asteon argitaratutako txostenean ohartarazi dute ez dutela espero aurten inflazioa %5,5etik jaistea ekonomia aurreratuetan, eta %8,7tik gorabidean eta garabidean direnetan. Eta adierazi dute horrek munduko ekonomiaren moteltzea ekarriko duela, gutxienez 2026ra arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.