Ingurumena

Tresna elektrikoen plastikoak birziklatzeko planta bat egin nahi dute Zallan

Indumetal Recyclingek 8 milioi euroko inbertsioa iragarri du. Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimenaren zain dago.

Indumetaleko langile bat. INDUMETAL RECYCLING
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 21a
13:08
Entzun

Indumetal Recyclingek iragarri du 8 milioi euro inbertitu nahi dituela Zallan (Bizkaia) tresna elektriko eta elektronikoen material plastikoa birziklatzeko planta bat eraikitzeko. Urtean 15.000 tona hondakin tratatzeko ahalmena izango luke. Enpresak jakinarazi duenez, eraikuntza lanak aurten hasiko ditu, eta espero du 2023ko lehen hiruhilekorako martxan egotea.

Enpresak azaldu duenez, plantak Zallako Udalaren lizentzia du, bai eta Uraren Euskal Agentziaren baimena ere, industrialdean jarduera instalatzeko beharrezkoa dena, zonak uholde arriskua izan baitezake. Martxan jartzeko, dena den, Eusko Jaurlaritzak hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko ematen duen ingurumen baimen bateratua beharko du.

Konpainiak nabarmendu duenez, fabrikan arriskutsuak ez diren plastikoak soilik tratatuko dituzte, eta jarduerak ez du isurketarik eragingo. Tresna elektriko eta elektronikoetatik plastikoa bereizteko prozesutik plastiko mota desberdinak atera eta sailkatuko dituzte, gero industria sektoreetara itzultzeko.

Susmopean

Indumentalek Erandion du egoitza (Bizkaia), eta Industrias Reunidas Minero-Metalurgicas enpresan dauka jatorria. Frankismo garaian itxi zuten, kutsaduragatik, eta 1984an berriro jarri zuten martxan, industria hondakinetan espezializatuta. Gaur egun, bi planta ditu Bizkaian, bat Madrilen, bat Andaluzian, eta beste bat Bartzelonan; horietako batzuk, FCC eta Endesarekin sozietatean. Erandioko planta ikerketapean egon zen 2018an, kutsaduragatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.