Ondarea

Nafarroako gaztelu galduetako baten aztarnak topatu dituzte Zuberoako mugan

Nafarroako errege-erreginek 1341. urtean agindu zuten Oilarburuko gaztelua eraikitzeko, mugaldeko lapurrak eta giro gatazkatsua kontrolatzeko. Lurrezko ezponda batzuk besterik ez dira geratzen.

Ikerzaileen arabera, lurreko harriak Oilarburuko gazteluaren aztarnak dira. ANTTON ARRIETA
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 21a
14:58
Entzun

Antton Arrieta Valverde iazko abuztuan joan zen bi lagunekin Amikuze inguruko Arboti-Zohota udalerrira (Nafarroa Beherea). Aitzurrak eskuetan eraman zituzten, baina ez baratzea lantzeko, baizik eta sastrakak-eta garbitzeko. Bazekiten zeren bila ari ziren: Nafarroako Erresumako agirietan agertzen den Oiharburu edo Oihanburu gaztelu galduaren zantzuak.

Arrieta arkitektura militarrean aditua da. Hainbat lan argitaratu ditu horren inguruan: besteak beste, Euskal Herriko Forteak, berpizkundetik karlismora liburua eta Euskal Herriko 101 gaztelu CD-ROM-a. Azken urteotan, herrialdez herrialdeko gazteluen inguruko bilduma argitaratzen ari da, eta Iparraldeko gotorlekuei eskainitako liburukia osatzen ari da orain.

Horregatik zegoen Arboti-Zohotako paraje hartan, aitzurra dantzatzen sasien kontra, metro erdiko garaierako ezponda berezi batzuk agerian geratu zenean. Lauki bat osatzen zuten lerroek. «Ezponda bat zen, eta gazteluaren oinarrian zegoen», esan du.

Yoseba Alonso eta Rafa Berasategi, Antton Arrietaren taldekideak, gazteluaren aztarnen ondoan / Antton Arrieta

Arrietak azaldu duenez, inork ez zekien gaztelua han zegoela. Entziklopedietan eta horren inguruko liburuetan ez dute zehazten non zegoen. «Aztarnarik ez zegoela esaten zuten».

Baina Arrietak bazuen zantzu bat. Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Clement Urrutibeheti ikertzaileak 1971. urtean argitaraturiko liburu batean adierazi zuen gazteluak leku hartan behar zuela. «Gaztelu hau aurkitu izanaren meritua harena da».

Gazteluko muinoa eta inguruak Pausazak lepotik begiraturik / Antton Arrieta

Bidelapurrak mugaldean

Nafarroako Felipe III.a eta Joana II.a errege-erreginek agindu zuten gaztelua eraikitzeko han. Historian zehar Oilarburu, Oiharburu eta Oihanburu izenak eman dizkiote lekuari euskaraz. Erdaraz, Castel Renaut esan diote, eta baita Lo castet de Oelharburu (Okzitanieraz, 1547an). «Izen arrotzak galdu dira», eta euskarazkoak geratu dira.

Arrietak azaldu duenez, oso gune gatazkatsua zen hori XIV. mendean, eta Bastidako herritarrek segurtasun gehiago eskatu zuten Baionarako bidean.

Errege-erreginek gotorleku bat eraikitzeko agindu zuten 1341. urtean, «Zuberoatik zetozen erasoak eta lapurretak geldiarazteko».

Ia bi urte geroago amaitu zituzten lanak. Denbora gutxi zen garai hartarako, besteak beste Garrüzeko (Nafarroa Beherea) gazteluko materialak birziklatu zituztelako.

Oilarburuko gazteluaren kokalekua, sasiek hartuta, aurten eginiko argazki batean / Antton Arrieta

Ohikoa zen orduan hori egitea, eta patu bera pairatuko zuen Oilarburuko gazteluak gero. Inguruko baserriak eta bestelako eraikinak egiteko haren harriak hartuko zituzten, ezponda txikia besterik utzi arte. Lubanarroa bazuen gazteluak, hau da, inguruan egiten zen erreten zabala, babesa handitzeko. «Lubanarroa bete zuten, eta haren gaina usategia da orain».

Aztarnak ikusita, gaztelua dorre karratu bat zen, baina garai hartako agirietan argi eta garbi esaten diote gaztelu, eta ez dorre.

Urkamendia eta mugarriak

Aztarnak ikusi nahi dituztenei ohartarazpena egin die Arrietak: ez dira oso ikusgarriak. Kostata irudika daiteke han gaztelu bat egon zela. Baina «gazteluko aztarnak daudela esan dezakegu, sasien artean oso apalak eta sinesgaitzak badira ere». Edonola ere, aztarnok babesteko eskatuko dute, eta katalogatzen jarraitzeko asmoa dute.

Halere, lekuak eduki zuen garrantzia erakusten duten oroigarriak badira inguruan. Gaztelutik goraxeago, 350 metrora, gaur ere Urkamendi deritzon gaina dago. Ziurrenik, mugaldeko bidelapurrak denen bistan eta modu eredugarrian exekutatzeko tokia izango zen.

Nafarroa, Zuberoa eta Bearno lurraldeen arteko 1395eko mugarria eta, atzean,
Oilarburu gazteluko gaina / Antton Arrieta

Horrez gain, Nafarroaren, Zuberoaren eta Biarnoren arteko muga zegoen gertu. Tradizioaren arabera, han elkartu ziren hiru erresumetako errege-erreginak, 1462an, bakoitza bere lurraldean eserita. Baina, Arrietaren arabera, kondaira bat da, ordurako ez zegoelako Zuberoako eta Biarnoko erresumarik, Frantziako koroaren menpe baitzeuden. «Hala ere, askoz lehenagotik, beharbada neolitotik, Euskal Herriko abelbide nagusienetako bat hortik zihoan Pirinioko udako larreen eta Biarnoko eta Landetako neguko bazkalekuen artean».

Horren lekuko, mugarriak daude han, 1395ekoak eta 1547koak. Azkenak, «Bearnoko behiak eta Nafarroako kateak zizelkatuak dauzka».

1547ko mugarri bat, Pausazaken, Biarnoko armarriko behiekin / Antton Arrieta

Dozena bat gaztelu aurkitu dituen gizona

Duela 27 urte hasi zen Arrieta gazteluak ikertzen, aitarekin. Azkenean, horretan «buru-belarri sartu» zen. Euskal Herria goitik behera zeharkatu du aztarnen bila.

Azken urteotan dozena bat gazteluren aztarnak topatu ditu, esan duenez. Duela 20 urte Gergako gaztelua aurkitu zuen, Untzueko mendiko gailurrean.

Baina oraindik badaude Nafarroako Erresumako gaztelu galduak.

Erga gaztelua falta da, esaterako. Beharbada Irurtzun inguruan zegoen, izen bereko mendiko Trinitate baselizan. Baina harriak bistaratzea falta da.

Aitzurrei ezker topatuko dituzte ezpatak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.