Erresuma Batua

Johnsonek gezurra esan ote zuen ikertzea onartu du Komunen Ganberak

Arku parlamentarioaren ordezkaritza islatzen duen batzorde batek ikertuko du lehen ministroa. Horrek egiten duen txostena Komunen Ganberan bozkatuko dute gero.

Gizon bat, Komunen Ganberako saioa hasi aurretik, atarian, kontserbadoreek gezurra esan dutela salatzen. ANDY RAIN, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko apirilaren 21a
18:31
Entzun

Erresuma Batuko Komunen Ganberak Boris Johnson ikertzea onartu du gaur, bere bulegoko festen auzian gezurra esan ote zuen argitzeko. Alderdi Laboristak aurkeztu zuen Johnson ikertzeko mozioa, eta, kontserbadoreek gehiengo osoa duten arren, batere oztoporik gabe egin du aurrera, Johnsonen alderdiko diputatuak ere ez baitira kontra agertu. Hasieran, Gobernuak bozketa atzeratu nahi zuen, baina azkenean ez du egin, eta boto askatasuna eman die alderdi kontserbadoreko diputatuei, horietako hainbat atzerapenaren kontra zeudela jakinda.

Gaurko saioan Komunen Ganberako presidentetzak ahoz galdetu du ea bazen diputaturen bat Johnson ikertzearen kontra, eta inork ez du ezer esan. Lehen ministroak esan zuen ez zekiela COVID-19aren konfinamendu garaian Downing Streeteko bere bulegoan festak egin zirela, eta gezurra esan ote zuen ikertuko dute orain. Komunen Ganberako Pribilegioen Batzordeak ikertuko du Johnson. Men ez egitea leporatzen diote.

Pribilegioen Batzordea zazpi diputatuk osatzen dute, Komunen Ganberako ordezkaritza islatuz. Une honetan, lau kontserbadorek, bi laboristek eta SNP Eskoziako alderdiko kide batek osatzen dute. Chris Bryant oposizioko kidea da batzordeko burua. Ikerketa amaitzen dutenean, txosten bat egin beharko dute, eta Komunen Ganberara bideratuko dute. Hor jasotzen diren ondorioak eta iradokizunak bozkatu beharko dituzte diputatuek.

Londresko Poliziak joan den astean 60 euroko isun bana jarri zien Johnsoni, haren emazte Carrie Symondsi eta Rishi Sunak Ekonomia ministroari, 2020ko ekainaren 19an Ministro Kontseiluaren aretoan lehen ministroaren urtebetetzea ospatzeagatik, hain justu pandemiari aurre egiteko bilera estrategiko bat hasi aurretik. Barkamena eskatu zuen Johnsonek atzo, eta esan zuen ez zekiela legea urratzen ari zenik. Oposizioak, ordea, gezurretan aritzea leporatu dio. Atzo Keir Starmer oposizioko buru laboristak «gezurti» esan zion, eta aldatzeko gai ez izatea leporatu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.