Feminismoa

Bilgune Feministak topagunea egingo du Oñatin, ekainaren 11n eta 12an

Aurten hogei urte bete ditu Bilguneak, eta egitarau zabala prestatu dute. Ekainera bitartean aurkezpenak egingo dituzte hainbat hiri eta herritan. Sarrerak salgai daude.

Bilgune Feministako kideak Topagunearen aurkezpean, gaur goizean. EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA
2022ko apirilaren 25a
12:59
Entzun

«Emakume, trans eta bollerook Oñatin ikusiko dugu elkar!». Euskal Herriko Bilgune Feministak mezu horren bidez aurkeztu du, gaur goizean, 2022ko Topagune Feminista: 20 urtez paradisuak erretzen... eztandak dardara gaitzala da aurtengo leloa. Izan ere, aurten hogei urte bete ditu Bilguneak, eta hori ospatzeko egitarau zabala prestatu dute, «ezinbestekoak diren hainbat gai landu eta Euskal Herriko eragileekin batera ekiteko».

Oñatin ez dira faltako, besteak beste, hitzaldiak, kontzertuak eta tailerrak. Larunbatean kontzentratu dituzte hitzaldi eta tailer guztiak, baina izango dira bertso saio bat, liburu aurkezpen bat eta film emanaldi bat ere. Gauean egingo dute ekitaldi nagusia; hura musikatzeko arduradunak Ginger —Zarauzko taldeak sortu du topaguneko abestia—, Ira, Chocolate Remix eta DJ Miau izango dira. Gune nagusia Oñatiko pilotalekua izango da.

Igandean, berriz, goizetik izango da martxan Nomadak Gaittun emakume sortzaileen azoka. Herri bazkariaren aurretik, pilota partida eta marianitada musikatua egingo dira, eta Anariren kontzertu batekin emango diote amaiera topaguneari.

Sarrerak eta aurkezpenak

Bilguneko kideek azaldu dutenez, «hilabete batzuk» daramatzate egitaraua prestatzen, eta «ospatzeko, elkartzeko, ikasteko, dastatzeko, dantzatzeko, jaso eta emateko» elkartuko dira. Sarrerak «Euskal Herriko hainbat txokotan» egongo dira salgai gaurtik hasita, 40 euroren truke; prezio merkeagoa ere egongo da aukeran (35 euro), baita «furgoparkingean» plaza gordetzeko bonua ere (5 euro). Sarrerak Internet bidez ere eros daitezke jada.

Topagunearen aurretik, hainbat aurkezpen egingo dituzte: apirilaren 29an Bilbon, 30ean Durangon (Bizkaia), maiatzaren 6an Pasai Antxon (Gipuzkoa), 7an Arrasaten eta Zarautzen (Gipuzkoa), 14an Errenterian (Gipuzkoa), 15ean Donostian, 21ean Gasteizen, eta 27an Iruñerrian. «Sarea elkartzea eta indarrak batzea» da haien helburua.

Irudiaren deskribapena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.