Nafarroako zahar etxeetako langileek grebara deitu dute asteazkenerako

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek 2024ra arteko epea eman diote patronalari helburuak betetzeko.

Zahar etxeetako langileen elkarretaratzea, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko apirilaren 25a
14:28
Entzun

Nafarroa osoko lan hitzarmenaren alde, asteazkenerako eta maiatzaren 14rako grebara deitu dute LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Zahar etxe publikoak, doakoak eta unibertsalak exijitzeko elkarretaratzea eginen dute asteazkenean, 12:00etan, Iruñean, Julian Gaiarre kalean dagoen zahar etxearen ondoan. Aurrerapauso «handiak» egin dituztela azaldu du Joseba Pagola LAB sindikatuko kideak: «Langileen ikaragarrizko lanari esker, plataforma berritu bat bidali diegu Nafarroako Gobernuari eta patronalei. Horrek aukera emango die 2024ra arte helburuak betetzeko». Horrez gain, esan du patronalek ez dutela eskakizunak ikusteko aukerarik izan, eta datozen asteetan aztertuko dituztela.

«Zaintza profesionalizatu gehienak enpresa pribatuen esku daude, eta horiek etekin ekonomikoa lehenesten dute», salatu du Leire Arzuagak, LAB sindikatuko kideak. Horrez gain, salatu du lan baldintzak «oso txarrak» direnez «ezinezkoa» dela «kalitatezko arreta» ematea.

Langileak 70 egoitzatan baino gehiagotan sakabanatuta daude, eta hitzarmenak 4.500 langile baino gehiagoren lan baldintzei eragingo die. Kalitatezko kontratazioak izateko, soldata duinak bermatzeko, ratioak handitzeko eskatzen dute. Baita aldi baterako kontratuak eta kontratu partzialak baztertzeko ere. Horrez gain, segurtasun eta babes neurri eraginkorrak exijitzen dituzte.

Horrekin batera, asteazkenean sinadurak bilduko dituzte, 17:00etatik 19:00etara, Karlos III.aren etorbidean, eta maiatzaren 14an 12:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik aterako den manifestaziora deitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.