Athletic

Sophie Istillartek futbola utziko du 26 urterekin

Athleticek lehen taldean duen Ipar Euskal Herriko jokalari bakarra da Istillart. Bi urte egin ditu zuri-gorriz jantzita, eta belauneko lesio larri batetik osatzen ari da orain.

Istillart defentsa lanetan, iazko abenduan Bartzelonaren aurka jokatutako neurketan. MARTA PEREZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 25a
17:08
Entzun

Sophie Istillartek (Baiona, 1996) ez du futbolean jokatzen jarraituko. Gaur egun Athleticen lehen taldean jokatzen duen Ipar Euskal Herriko futbolari bakarrak 26 urte eskas ditu, baina, urtarrilaren 16an belaunean izandako lesio larri bat tarteko, futbola uztea erabaki du. Levanteren aurka izan zen, Bunyolen (Valentzia, Herrialde Katalanak). Istillarti martxoaren 2an egin zioten ebakuntza, eta, Athleticen arabera, osatze prozesua arazorik gabe doa aurrera. Jokalariak bihar emango du prentsaurrekoa Lezaman, 13:00etan, erabakia hartzera behartu duten arrazoiak azaltzeko.

Izan ere, iaz BERRIAk egin zion elkarrizketan, Istillartek Athleticen «urte asko» egiteko nahia erakutsi zuen: «Hala nahiko nuke. Jokalariok ditugun baldintzengatik, klubean dagoen familia giroarengatik eta, gustura banago, ez dudalako atsegin aldatzen ibiltzea. Zortzi urtez jokatu nuen Bordelen, adibidez», azaldu zuen ordukoan. Kapitain ere izan zen zen hango taldean.

Baionako jokalaria zortzi urterekin hasi zen futbolean jokatzen, Hendaian (Lapurdi); Irunen (Gipuzkoa) ere jokatu ostean, Bordelera joan behar izan zuen bere ibilbidearekin segitzera, Frantziako Lehen Mailara. Erdilaria 2020. urteko udan fitxatu zuen Athleticek. Klubak eskerrak eman dizkio Istillarti «bere inplikazioagatik eta konpromisoagatik, eta zorterik onena opa dio bere hurrengo proiektuetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.