Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Literatura

Santi Leoneren 'Liztor mutanteak': fikzio ziztadak errealitateari

Pertsonaien ihes egiteko nahiak, frustrazioak, erabakiak eta damuak dira hamar narrazioetan errepikatzen diren gaiak. Fikziozko lehen lana du.

Santi Leone idazlea, 'Liztor mutanteak' bere fikziozko lehen lana eskuetan duela, Donostian.
Santi Leone idazlea, 'Liztor mutanteak' bere fikziozko lehen lana eskuetan duela, Donostian. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko apirilak 25

Bi saiakera liburu eta hamaika artikulu idatzi ditu Santi Leonek urteotan. Orain, baina, lehen aldiz heldu dio fikzioari, eta hamar narrazio bildu ditu Liztor mutanteak (Susa) ipuin liburuan. Egileak azaldu duenez, narrazioak errealitatean kokatzen dira, «baina pertsonaiak maiz saiatzen dira ihes egiten errealitate horretatik, pop erreferentzien, literaturaren, irudimenaren bidez». Leire Lopez Susako editoreak lagunduta aurkeztu du Leonek bere lana.

«Ipuinetik ipuinera errepikatzen diren gai batzuk» badirela azaldu du idazleak: «Frustrazioak, erabakiak —hartutakoak eta hartu gabekoak—, damuak...». Halere, «motiboei edo giroari dagokionez», bi multzotan sailka litezke narrazioak: batetik, literaturaren ingurukoak, eta bestetik, harreman afektiboei buruzkoak. Dena den, harremanei buruzkoetan literaturak ere baduela pisua zehaztu du, eta alderantziz. Banaketa hori ez baita erabatekoa, Lopezek ere ñabartu duenez: «Izan ere, literaturari lotuago dauden ipuinetan ere ageri dira harreman interpertsonalek sortutako ajeak, eta giza harremanak nagusi diren askotan dago literatura edo fikzioa tartean, libururen bat irakurtzen ari delako pertsonaiaren bat, edo superheroiekin obsesionatuta dagoelako, edo dena delakoa».

Pertsonaiak errealitatetik ihes egiten saiatu bai, baina normalean ez dutela lortzen argitu du Leonek, eta hortik frustrazio sentsazioa. «Eta gero, batez ere literaturari buruzko ipuinetan, egoera batzuk ez dira guztiz errealistak». Adibiderako, aipatu du Neguko bidaia ipuinean, itzultzaile batek eleberriak idazten dituela, baina plagioak ateratzen zaizkiola beti, nahi gabe. Edo Erabakia ipuinean, gizon batek erabakitzen duela erabakirik ez hartzea, eta erritmo finko baten araberakoa dela beti bere bizitza. «Beraz, errealitatea bai, baina ez dira beti egoera nahitaez guztiz errealistak, edo errealitatetik pixka bat eskapatzen diren egoera batzuk ere badira. Eta maiz errealitate hori pertsonaiek fikzioaren arauen arabera interpretatzen dute». Esaterako, Liztor mutanteak ipuinean, pertsonaiak fantasia bat sortzen du bere buruan, eta film erromantikoen zein zientzia fikziozkoen arauak hartzen ditu aintzat horretarako.

Ipuinotako beste hainbat pertsonaia zerrendatu ditu Lopezek, tartean, eritasunak erauzitako lo orduetan largabistarekin pareko bizilagunak nola idazten duen behatzen duen andrea, maitalearen etxetik seme txikia dagoen ospitalera lasterka doan gizona, gaztetan idatzitako ipuinak betirako markatu duen idazlea, superheroien unibertsoei, porno atariei eta maitasun perfektuei jarraiki dabilen artikulugilea... «Haietako asko daude hartutako erabakien eta, batik bat, hartu gabekoen mende, aitortu gabeko fantasiak eta zama diren bizi puskak gainetik astindu nahian».

Teknikak eta erreferentziak

Sergi Pamiesek elkarrizketa batean esandakoa gogorarazi du Leonek; idazle katalanak azaldu zuen «hiru hornitzaile» izaten zituela ipuinak idazteko: memoria, irudimena eta errealitatea. «Nik uste dut antzeko hornitzaileak izan ditudala. Igual memoria ez hainbertze, baina egoerak asmatzeko, niri gertatutako pasadizoak kontuan izan ditut maiz, eta gero, hortik, erabat fikziozkoa den kontakizun bat egin dut». Liburua ez dela autobiografikoa argitu du, nahiz eta beretik ere baduela gehitu duen. «Ingurukoek segur aski ezagutzen dituzten pasarte, egoera edo paisaia aunitz ikusiko dituzte». Adibiderako, aipatu du oporretako hiriak edo pasadizoak ageri direla ipuin batzuetan.

Halaber, narrazioetan teknika ezberdinak erabiltzen saiatu dela azaldu du, eta, hala, batzuetan lehen pertsona eta beste batzuetan hirugarrena erabili duela, istorio batzuk linealagoak direla eta beste batzuk saltoka dabiltzala, edota batean urte batzuetako istorio bat eta beste batean arratsalde batekoa kontatu dituela. Lopezen iritziz, haren «estiloak batzen ditu ipuin guztiak. Diskurtsoa antolatzeko modu berea du idazleak, sintaxia josteko, hitzak aukeratzeko modu propioa». Akotazioen eta umorearen erabilera ere nabarmendu ditu. «Eta mundu erreferentzial bat, zonbiek, superheroiek, film batzuek osatutakoa». Horren harira, erreferentzia kutunak sartzeko joera duela aitortu du idazleak, bai pop mundukoak —Deadpool, Green Lantern...—, baita zenbait poetarenak ere —T.S. Elliot, besteak beste—.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nerea Ibarzabal kantuan, bertsokideak atzean dituela. ©BOB EDME

Lehoiaren ahoan sartu du burua

Miren Mujika Telleria

Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako saioa, eta, lehen itzuliko puntuak batuta, ia ziurtatua du Iruñerako sailkatzea. Datorren astean argituko da nortzuk ariko diren finalean
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
'Bilketa.eus' atariko pantaila irudi batzuk ©BERRIA

Artxiboetan barna sartzeko

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Baionako mediatekak zutik eman 'Bilketa.eus' ataria berritu dute. 26.000 dokumentu biltzen ditu digitalizaturik, eta ikerketa bide berriak eskaintzen ditu. Bilatu nahi den hitz oro kausi daiteke edozein dokumentutan. Liburu zaharrak, ikonografiak, prentsa zaharra… denetarik atzeman daiteke.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.