Txirrindularitza

Ibilbide «gogorra eta gorabeheratsua» izango du Itzuliak

Lehen aldiz jokatuko da emakumezkoen proba, maiatzaren 13tik 15era. World Tour eta Kontinental mailako txirrindularirik onenak izango dira lehian.

Annemiek Van Vleuten, iaz, Donostiako Klasikoa irabazi zuenean. Lasterketa horren ordezkoa izango da Itzulia. JON URBE / FOKU
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 26a
13:12
Entzun

Ibilbide «gorabeheratsua eta gogorra» izango du Euskal Herriko Emakumezkoen Itzuliak. Hala adierazi dute gaurko aurkezpenean lasterketaren antolatzaileek. Lasterketa estreinakoz jokatu da, maiatzaren 13tik 15era, eta hiru izango dira etapak: Gasteiz-Bastida (105 kilometro), Mallabia-Mallabia (117 kilometro) eta Donostia-Donostia (139 kilometro). Guztira 363 kilometro, hain zuzen.

Donostiako Klasikoaren lekua hartuko du Itzuliak. Izan ere, Frantziako Tourrak data aldatu du, eta gizonezkoen lasterketaren ondoren korrituko da. Horrenbestez, bat egiten zuen egutegian Klasikoarekin. Hala, UCIrekin hitz egin ostean, Itzulia egitea erabaki dute, nazioarteko federazioak maiatza proposatu zuelako hemen inguruko World Tourreko lasterketak egiteko. Julian Erasok nabarmendu du antolakuntzaren helburua beti izan dela emakumezkoen txirrindularitza bultzatzea, eta bide horretan segitu nahi dutela Itzulia antolatuz. «Nazioarteko egutegian kokatuta gaude», adierazi du.

Guztira 22 taldek hartuko dute parte: hamabi World Tour mailakoak, eta hamar Kontinental mailakoak. Horien artean lau Euskal Herrikoak dira: Movistar, Bizkaia Durango, Sopela eta Laboral Kutxa. Ezusterik ezean, euskal ziklistarik onenak errepidean izango dira: Ane Santesteban, Eider Merino eta Lourdes Oiarbide, besteak beste. Nazioarteko partaidetzari dagokionez, munduko ziklistarik onenak izateko aukera dago, baina antolatzaileek onartu dute ez dakitela munduko onenen artean zein eta zenbat ariko diren Euskal Herriko errepideetan barrena.

Roberto Laisekak diseinatu ditu hiru etapak, eta bakoitzari azalpentxoa gehitu dio gaur, Gasteizko Udalean egin den aurkezpenean. Hiru etapak batera hartuta, bakoitzak 2.000 metroko desnibela izango duela esan du, eta hortik dator ibilbidearen gogortasuna. Aurreneko koska lasterketa hasi eta berehala izango dute txirrindulariek: Zaldiaran mendatea. Hala ere, lasterketako zuzendari teknikoaren ustez, lehendabiziko egunak ez luke erabakigarria izan behar. Bai bigarrenak. Mallabian hasi eta bukatuko den etapari «nagusia edo erregina» deitu dio, eta, haren ustez, lasterketa bigarren egun horretan erabakiko da: «Gorabeheratsua da erabat. Ez dago zati bat bera ere ordekan, dena da gora eta behera». Gizonezkoen Itzulian berriki izan da etapa amaiera Bizkaiko herri horretan, eta emakumezkoenak izango du aldaketarik, hirurehun metro lehenago bukatuko delako. Hirugarren eta azkeneko etapa, Donostian hasi eta bukatuko dena, Klasikoaren ibilbidean jokatuko da gutxi asko. Horren adibide, Jaizkibel, Gurutze eta Murgil igoko dituztela. Etapa guztietan izango dira esprint bereziak: guztira, hiru etapetan, sei. Gainsariak ere banatuko dituzte eguneko labaren amaieran, helmugan.

Gernika-Durangoko Luis Alberto Duran zuzendarietako bat aurkezpenean izan da, eta hari ere azkar atera zaio Itzuliaren ibilbidearen balorazioa: «Oso gogorra da». Onartu du hasieratik kosta dakiekeela onenen erritmoari segitzea, baina garbi utziz taldearen helburuak beste batzuk direla: «Geure burua erakutsi nahi dugu, ikus dadila gure maillota». Garrantzia handia eman dio Itzulia egiten hasteari, eta, horrekin lotuta, babesleak lortzeko lana ekarri du gogora: «Etxean bertan eta hiru eguneko lasterketa izanda, ezagutarazteko aukera emango digu, eta lagungarri izan daiteke babesleak aurkitzeko».

Erasok erakundeei bota die amua —Gorka Urtaran Gasteizko alkatea bertan izan da—, haiek emango duten laguntza eskertu eta gero: «Beti nahi izaten dugu gehiago, eta eskatzea da nire lana. Ondo dago Tourra ekartzea Euskal Herrira, datorren urtean bezala, baina hemen gu gaude urte guztian; gu gara Euskal Herriko txirrindularitza»

Livia Lopezek ere hartu du hitza aurkezpenean, Gasteizko Udaleko Kiroletako zinegotziak, eta «aitortza» egin dio antolakuntzari: «Bestela ere nahikoa oztopo izaten da lasterketak antolatzeko, eta emakumezkoena bada, oraindik eta gehiago». Aldarrikapen bat ere gehitu du: «Honelako egitasmoek balio izan behar dute mutilentzat ere erreferente izan daitezen emakumezko kirolariak».

Lasterketako zuzendaria, emakumezkoa

Itzulia bera historikoa izango bada, aurrenekoa delako, ez da atzean geratuko lasterketako zuzendariarena. Izan ere, Alaitz Biritxinagak beteko du lan hori. Epailea da, eta 26 urte daramatza zeregin horretan lasterketetan. Erasok eskaini dio aginte postu hori betetzea, eta onartu egin du. Pozarren zen gaurko ekitaldian: «Bizitzako ametsetako bat izan dut zuzendari izatea, eta Itzulian estreinatzea handia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.