Athletic

Istillart: «Lesioa seinale bat izan da, baina lehendik ari nintzen pentsatzen futbola uztea»

Athleticek lehen taldean duen Ipar Euskal Herriko jokalari bakarrak iragarri du ez duela futbolean jokatzen jarraituko, eta agurreko prentsaurrekoa eman du gaur. Zuri-gorriei lotuta egongo da aurrerantzean ere, Iparraldeko jokalariak ikuskatzen eta entrenatzen.

Athleticeko jokalariak Istillarti txaloka, gaur, Lezaman. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 26a
15:26
Entzun

Sophie Istillartek (Baiona, 1996) ez du egun batetik bestera erabaki Athletic eta futbola uztea. Athleticeko jokalariak atzo eman zuen erabakiaren berri, eta gaur egin du azalpenak emateko prentsaurrekoa, Lezaman. 26 urteko erdilaria errekuperatzen ari da urtarrilaren 16an belaunean izandako lesio larri batetik —bigarren aldiz apurtu du belauneko lotailu gurutzatua—, baina esan du ez dela hori izan erabakia hartzera bultzatu duen faktore bakarra: «Seinale bat izan zen, baina lehendik ari nintzen pentsatzen futbola uztea. Erabaki hau hartu dut orain behar dudana delako. Beste etapa bat bizi nahi dut nire bizitzan, beste gauza batzuk probatu».

Argi utzi du oso zoriontsu izan dela Athleticen, baina etxera itzultzeko ordua dela uste du, bere gertukoekin egoteko. Aitortu du bere bizitzako erabakirik zailena izan dela, baina horren inguruan asko hausnartu du: «Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan».

Oso esker ona agertu dio Athletici, eta «bihotzez» eman dizkio eskerrak: «Zortzi urte nituenetik ari naiz futbolean, eta bete dut profesional izateko ametsa. Gaur amaituko da bide hori, baina harro nago Athleticen jokatu izanaz; klub honen balioak nire balioak dira. Beti egongo naiz zuekin», esan du, bere taldekide izan direnen aurrean. Prentsa aretoan izan da Aitor Elizegi presidentea ere, besteak beste.

Istillart Athleticen eta Euskal Selekzioan jokatu duen Ipar Euskal Herriko emakumezko lehen futbolaria izan da. Uste du, ordea, ez dela azkena izango: «Iparraldeko jokalari gehiago etor daitezke hona; neska gehiago daude orain, eta badute maila». Horregatik, azaldu du Athletici lotuta jarraituko duela, Ipar Euskal Herriko neskak ikuskatzen eta entrenatzen: «Nik talde hau ezagutzen lagundu nahi diet, talde bikaina baita. Lan asko dago egiteko han» azaldu du.

Ezusteko erabakia

Jokalariak esan duen arren erabakiaren inguruan pentsatzen denbora asko zeramala, Athleticeko jarraitzaile asko ezustean harrapatu ditu albisteak. Iaz BERRIAk egin zion elkarrizketan, adibidez, Istillartek Athleticen «urte asko» egiteko nahia erakutsi zuen: «Hala nahiko nuke. Jokalariok ditugun baldintzengatik, klubean dagoen familia giroarengatik eta, gustura banago, ez dudalako atsegin aldatzen ibiltzea. Zortzi urtez jokatu nuen Bordelen, adibidez», azaldu zuen ordukoan. Kapitain ere izan zen zen hango taldean.

Baionako jokalaria Hendaian (Lapurdi) hasi zen futbolean jokatzen; Irunen (Gipuzkoa) ere jokatu ostean, Bordelera joan behar izan zuen bere ibilbidearekin segitzera, Frantziako Lehen Mailara. Athleticek 2020. urteko udan fitxatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.